Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako azkeneko ikasturtea du hau Hodei Ezpeletak (Mendaro, 1999), eta erizain lanetan ari da Eibarren Uxue Ansorregi (Mendaro, 1995), baina herri kiroletarako afizioak batzen ditu. Aitaren bidea jarraitu du Hodeik. 7 urterekin irten zen estreinakoz plazara aizkoran egitera, eta Lehenengo Mailan lehiatzetik pauso batera dago oraintxe. Uxue Ansorregik, berriz, 18 bat urterekin egin zuen lehenengo plaza, proban. Geroztik, sokatiran, trontzan eta aizkoran aritu da, eta ekainaren 20an, Emakumezkoen Pentatloian leihatuko da Karmele Gisasola lagun hartuta.

Mendaroarrak izanda biak, umetatik ezagutzen dute elkar eta badute elkarren ibilbidearen berri. Pandemiak urrundu ditu plazatik, saio ofizialak ez diren beste guztiak bertan behera geldituko zaizkielako, baina gogor ari dira entrenatzen, garai hobeen esperoan.

2021 04 16 aizkolariak mendaro uxue ansorregi hodei ezpeleta barren

w Trontzan, giza proban, aizkoran, txinga eroaten... Zer ez duzu probatu zuk, Uxue! Nondik datorkizu herri kiroletarako afizio hau?
Aitarengandik. Gure aita oso herri kirol zalea izan zen beti, oso plaza zalea. Txinga eroaten ibili izan zen bere sasoian, baina herri kirol guztiak zituen gustuko. Eta nik umetatik bizi izan nuen hori.

Lehen bultzada hori etxean jaso zenuen hortaz. Zailena zer egin zaizu?
Aita zalea zen, eta afizioa harengandik jaso nuen, baina nire erreferente nagusia Florentino Larrañaga herrikidea izan da beti. Dena eman didate Florentinok eta haren
koinatu Bixente Olazabalek. Erremintak Florentinok laga izan dizkit beti probatzeko, materiala ere bien artean inguratu izan didate, eta plazara ere eurek bultzatu ninduten.

Egiguzu zure ibilbidearen errepaso bat.
Giza proban hasi nintzen lehenengo, Batxilergoa egiten nenbilen garaian, eta sokatira probatu nuen ondoren. Gero, trontzarako deitu ziguten Nerea Arrizabalaga mutrikuarrari eta bioi, ez zegoelako Emakumeen Gipuzkoako Trontza Txapelketa antolatzeko behar beste bikote. Eta halaxe hasi nintzen duela zazpi bat urte, sokatira taldetik ezagutzen nuen lagunarekin. Florentinorengana jo nuen, eta haretxek eta Bixentek erakutsitakoa da nik trontzaz dakidan guztia. Zenbat entrenamendu, zenbat haserre eta zenbat poz bizi izan ditugun Irabane baserrian. Nerearekin txapelketa hartara aurkezteaz batera hasi nintzen mutil-laguna dudanarekin [Mikel Agirre] entrenatzen ere, txapelketa mistorako.

2021 04 16 aizkolariak mendaro uxue ansorregi aizkoragaz

w Gusturuen zertan aritzen zara?
Trontzan, ondoen ere trontzan moldatzen naizelako.

w Eta orain, azkena, aizkorari ere kolpe egin diozu.
Oraintxu arte jolasa izan da niretzat aizkoran egitea. Ez naiz serio jardun, trontzan bezala. Mutil-laguna ere aizkolaria da eta entrenatzen ibili naiz harekin batera, baina aparteko ganora handirik gabe. Karmele Gisasola herri-kirolariaren osaba Jesusekin, Zelai II.arekin, hasi nintzen entrenatzen. Astean behin joaten nintzen Mallabira, entrenatzera, baina, gero Zaragozara joan nintzen Erizaintza ikastera eta bertan behera laga nuen dena. Eta etenaren ostean, aurten hasi naiz berriro aizkoran, Pentatloirako prestatzeko. Gauza guztiei kolpe egin diet beti, baina inon ez dut aparteko ezer egin. Gauza asko gustatzen zaigunok horixe daukagu.

w Pentatloia begiz jota daukazu orain, baina zeintzuk izan dira zure orain arteko lorpen nagusiak?
Duela bi urte Trontzako Bizkaiko Txapelketa mistoa irabazi genuen mutil-lagunak eta biok. Handia izan zen, denbora luzean jardun ginelako horren bila, baina beti herren. Ezina ekinez egina esaera du euskarak eta horixe izan da gurea ere. Txapelketa hori irabazi izanak Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketara joateko txartela eman zigun iaz, eta han izan ginen, Bizkaia ordezkatzen. Iaz, estreinakoz parte hartu genuen emakumeok Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan. Bestalde, iaz jokatzekoa zen Bizkaiko Txapelketa Mistoa aurten jokatu dugu, eta irabazi egin dugu.

w Pentatloirako izena eman baduzu, gauza askotan moldatzen zaren seinale!.
Ez pentsa. Karmele Gisasolarekin bikotea osatuta aurkeztuko naiz Pentatloira eta ari gara entrenatzen, [Jose Antonio Gisasola Zelai harri-jasotzaile ohiaren alaba
da Karmele. Harri jasotzen zein ingudean zenbait txapel jantzi ditu]. Astean behin entrenatzen naiz aizkoran, Karmeleren amamaren baserrian, Mallabin, eta beste bi egunez entrenatzen naiz harri jasotzen. 63 kiloko harria sekula altxatu gabea nintzen aurrez, eta teknikarik ere ez nuen, bistan da. Zelai baserrian entrenatzen naiz, Zelailuzerekin. Korrika-saioak eta gimnasioko lanak ahal ditudan uneetan egiten ditut. Halako zerbait prestatzeko horretara bakarrik egon behar da, baina nik lana egiten dut eta lanetik kanporako orduek ez dute ematen. Erizaina naiz Eibarren, eta koronabirusaren kontu honekin orduak ere pilatzen zaizkigu, eta zer esanik ez nekea. Libre dauzkadan ordu guztiak eskaintzen dizkiot kirolari. Ez da erraza egia esan, eta hemendik eskerrak eman behar dizkiot Mikeli, bera dudalako babes handiena guzti honetan.

w Zerk bultzatu zaituzte Pentatloirako izena ematera?
Karmelerengana jo zuten antolatzaileek emakumezkoen Pentatloia sortu nahi zutela esanez eta hark aitarengana bidali zituen. Zelaik baietza eman zuen eta emakume bila hasi ziren. Azkenean sei emakumek parte hartuko dugu, bikoteka, baina ez da batere erraza izan hiru bikote osatzea. Garazi Arruti eta Lucia Orbe bizkaitarrek osatuko dute beste bikote bat eta Segovia eta Burgos aldetik etorriko dira Claudia Muñoz eta Julia Martinez.

w Ardura berezia sentitzen duela aitortu berri du Gisasolak, baina bere amonak ez zuela aukerarik izan plazan aritzeko eta hargatik eta beste emakume guztiengatik plazan jarraituko duela berak. Zer sentitzen duzu zuk?
Herri kirola beti izan da gizonezkoen mundu bat, eta kartela osatzeko hasi zitzaizkigun guri deika plazarako. Ikuskizuna emateko gizonak deitzen zituzten, eta gu, itxurak zaintzeko edo gizonei atsedena hartzeko tartea emateko. Eta horrek beti eman izan digu zer pentsatua. Erreferenteak ere falta izan ditugu guk. Oso emakume gutxi ikusi ditugu plazan, eta plazaratzeko pausoa ematea zailtzen du horrek ere. Lotsa edo erreparo halako bat sentitu izan dut neuk ere. Orain Pentatloirako izena eman dugunon artean ere ez dago neska bat herri kirol guztietan ibiltzen denik, edo aparteko afizio bat daukanik. Crossfit egiten dutelako datoz kanpotik datozenak ere. Eskerrak eman behar dizkiegu Berdintasun teknikariei edo plazan ere emakumezkoak behar direla babestu duten guztiei. Haiek zabaldu digute bidea, eta orain gehiago ari gara plazan. Ezin gara konparatu gizonekin, baina gu ere ari gara lan txukuna egiten. Eta Karmelek dioena ere bada: emakume askok ez dute aukera edo eskubiderik izan plazan aritzeko, eta guk eutsi behar diogu.

2021 04 16 aizkolariak mendaro hodei ezpeleta 

w Aita -Ernesto Ezpeleta Biurri- aizkolaria duzu, eta pentsatzekoa da haren eragina izango zenuela, ala?
Ume-umetatik egon naiz ni aizkoraz inguratuta, eta nik uste dut horrek, nahi edo ez, afizioa egitea dakarrela, bai.

w Oso ume zinela hasi zinen aizkoran, oso ume plazan. Akordatzen zara plazara irten zinen lehenengo aldiaz?
Bai, lehenengo bi plazak astetebeteren barruan egin nituen, San Joan bueltan. Lehenengoa, Altzolan izan zen, eta bigarrena, Eibarko auzo txiki batean. 6 urterekin hartu nuen estreinakoz benetako aizkora bat, eta 7 urterekin egin nuen lehenengo plaza.

w Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Umetan aitaren pare izan nahi nuen. Ez nituen aizkolari asko ezagutzen, eta etxean nuena imitatzen saiatzen nintzen. Aizkoran hasi ahala, baina, hasi nintzen beste batzuei erreparatzen, jarri nintzen plazan eta bideoetan ikusten nituen beste batzuei begira ere, eta esango nuke Migel Mindegia eta Floren Nazabal bihurtu zirela nire idolo-edo.

w Txapelketen mundura noiz egin zenuen salto?
17 urterekin jokatu nuen lehenengo txapelketa, Bizkaiko Bigarren Mailakoa. Zorionez irabazi egin nuen eta gero etorri zen 18 urtez azpikoen Euskal Herriko Kintopekoen Txapelketan lehiatzeko aukera. Behin 18 urte beteta, Euskal Herriko Hirugarren Mailako Aizkolarien txapelketarako eman daiteke izena, eta halaxe egin nuen nik ere. Hortik aurrera kategoriaz kategoria joan naiz.

2021 04 16 aizkolariak mendaro uxue ansorregi hodei ezpeleta aurrezaurre

2021 04 16 aizkolariak mendaro uxue ansorregi hodei ezpeleta b1

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza