June Loidik Bera Bera taldean jokatuko du datorren denboraldian

Barren.eus 2021ko api. 14a, 17:00

Super Amara Bera Bera eskubaloi taldean jokatuko du hurrengo denboraldian June Loidi Etxanizek (Elgoibar, 2000). Donostiako taldea Guerreras Iberdrola Ligako talderik indartsuenetarikoa da, ligako egungo txapelduna izateaz gainera, liga irabazteko aukera handiak baitituzte denboraldi honetan ere. Gainera, Europako txapelketetan ere lehiatzen dira.

 

Mailari eusteko borrokan diharduen Zubileta Pro Evolution Zuazo taldean jokatzetik ligako talderik indartsuenetarikoa den Super Amara Bera Bera taldera joango da June Loidi elgoibartarra hurrengo denboraldian. Hortaz, aurrerapausoa izango da Loidiren eskubaloi ibilbide motzean. Loidi 2018an iritsi zen Barakaldoko taldera, Sanlorekin akordioa sinatu eta gero. Hasieran defentsako lanean nabarmendu zen, eta ligako defentsarik onena izendatu zuten emakumeen eskubaloiko goreneko mailan egin zuen aurreneko urtean. Aurten urrats bat aurrera egin du eta erasoko jokoan ere funtsezko jokalaria izaten ari da, 63 gol sartu baititu ligako 17 partidatan. Txapelketaren lehen fasean 58 gol sartu zituen, eta ligako laugarren goleatzaile onena izan zen.
Orain, mailari eusteko fasea jokatzen ari da Zubileta Pro Evolution Zuazo, beste zazpi talderekin lehian, eta Loidik bost gol gehiago sartu ditu fase honetan. Hori bai, hiru partida jokatu eta hirurak galdu dituzte Barakaldokoek fase erabakigarri honetan. Aurten formato berria du Liga Guerreras Iberdrola txapelketak. Hamasei talde ari dira lehian eta denboraldiak bi zati izan ditu. Bigarrengoan daude orain, txapelketa irabazteko lehian zortzi talde eta maila ez galtzeko lehian beste zortzi taldeak. Hori bai, bigarren fasean multzoko kideen aurka lortutako puntuak kontuan hartuko dituzte, eta lau taldek galduko dute maila.

∞Lotura duten albisteak: