Txirrindularientzako goi errendimendurako zentroa zabaldu dute Elgoibarren Mikel Landak eta Aitor Galdosek, beste bi bazkiderekin batera

Barren.eus 2021ko api. 14a, 14:00

Elgoibarren kokatu duten Bike360 Pro Cycling Club izeneko proiektua aurkeztu dute, gaur eguerdian, egitasmo honen sustatzaileek, Mikel Landa txirrindulari profesionalak, eta honen bazkide Aitor Galdosek, Jesus Ezkurdiak eta Iosu Badiolak.

Elgoibarren ireki dutena Mikel Landaren Goi Errendimendurako Zentroa dela zehaztu dute, eta azaldu dutenez hiru ardatz nagusi izango ditu: Txirrindularitza kluba, txirrinduzaleentzako zerbitzu integrala eta denda ere izango da, fisikoa zein online bidezkoa www.bike360.es webgunean.

Bike360 kontzeptu berri bat dela argitu dute aurkezpenean. Hala, Olaso kalean ireki duten 600 metro koadroko espazioan txirrindularitzarekin lotura duten produktuak saldu eta zerbitzuak emateaz gainera, Bike360 "klub bat" ere badela esan dute. "Pasio bera duten pertsonen topagunea izatea nahi dugu: gidak, txirrindulariak, ibilbideak, irteerak, paisaiak, lagun berriak ezagutu, hobetu eta elkarrekin bizikletan ibili", adierazi du Mikel Landak, Bahrain Merida taldeko txirrindulariak. Adibide bat ere ipini du Iosu Badiolak: "Italiako giroan lehiatzera joatekoa da Mikel Landa aurki, eta han emaitza onen bat lortuko balu, zaleekin ospatzeko gunea izatea nahi dugu hau, bilgune bat". Giroaren harira, prestaketa "ondo bideratuta" duela esan du Murgiako txirrindulariak. Zapatuan amaitu zen Euskal Herriko Itzulia izan zen Italiara joan aurretik parte hartuko duen azken proba eta "sentsazio onak" izan zituela nabarmendu du.
Gaurkoan, baina, Giroaz baino zentroaz berba egiteko gogo gehiago zuen. Txirrindulari batek "behar eta desio" duena errealitate egiteko sortu dutela esan du, eta txirrindulari afizionatu, amateur edo profesional batek behar dituen zerbitzuak euren eskura jarriko dituztela. Zentroak batzen dituen honako zerbitzuak aipatu ditu: Txirrindularitza Kluba, bidaiak, Biomekanika Laborategia, Zelula Nutrizioa Aktiboa, Kirol Medikuntza eta Fisiologia, Osteopatia, Fisioterapia, kirol masajea, entrenamendu pertsonalizatuak, aeroyoga, yoga, pilates eta tailer mekanikoa ere bai".

 • Zergatik Elgoibarren?
Egitasmo hau Elgoibarren kokatu izana ez dela kasualitatea nabarmendu dute. "Txirrindularitzarako zaletasun handia dago hemen inguruan, eta gainera Euskal Herriaren erdi-erdian dago, leku estrategikoan. Hala, amerikar bat kostaldera bizikletan ibiltzera badator, Elgoibarren ireki dugun zentro honetatik pasako dela uste dugu", azaldu du Elgoibarko bizilaguna den Aitor Galdos txirrindulari ohiak. Alor horretan, zentroa bizikletaren inguruko turismoarekin lotzean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dutela gaineratu du.
Era berean, Elgoibarko Udalaren babesa ere jaso du egitasmoak, eta aurkezpenean izan dira Gorka Garaizabal kirol zinegotzia eta Udal Kirol Patronatuko zuzendari Ramon Mugica. "Pozten gara zentro hau irekitzeko Elgoibar aukeratzeaz eta zorterik onena opa dizuegu", esan die Mugicak. Elgoibarren dauden gainerako kirol zerbitzuak eta instalazioen "osagarri" ona izango dela uste du.
Zentroa inauguratzeko ekitaldi bat egiteko asmoa duten arren, koronabirusak sortutako egoera dela eta ekaina ingurura arte arte atzerazea erabaki dute, -eta orduko egoerak lagatzen badu-, orduan antolatuko dute.

2021 04 14 bike360 denda elgoibar mikel landa

2021 04 14 bike360 denda elgoibar mikel landa bazkideegaz

2021 04 15 360 bike mikel landa