Iñigo Lariz eta Maite Maiora izan dira azkarrenak Azketa-Erlo erronkan

Barren.eus 2015ko urr. 24a, 20:50

Azketatik Erlora igo al daiteke 10 minutuan? Erronka horixe jo zion Euskadi Irratiko 'Hiru Erregeen Mahaia' saioko lan-taldeak Mendi Lasterkarien Euskal Selekzioari. Gaur jokatu dute erronka eta Iñigo Lariz eta Maite Maiora izan dira azkarrenak. Batak zein besteak lortu dute apustua haustea.

Gizonezkoetan zazpi lagunek lortu dute Azketatik Erloko tontorrera hamar minutu azpitik igotzea, eta Iñigo Lariz elgoibartarrak egin du denborarik onena: 8 minutu eta 23 segundo. Oier Ariznabarretak (8:25) eta Haritz Egeak (8:46) osatu dute podiuma.
Emakumeei dagokionez, 11 minutu eta erdi azpitik egin behar zuten igoera eta bik lortu dute erronka gainditzea, Maite Maiora mendaroarrak eta Ainhoa Lendinez elgoibartarrak, hain zuzen ere. Antxitxikari mendaroarrak 10 minutu eta 20 segundoko denboran osatu du igoera eta 10 minutu eta 49 segundoan Lendinezek. Maria Zorrozak egin du hirugarren (11:38).
Lariz eta Maiorari hosto beltza eman diete sari gisa antolatzaileek, txapelaren ordezko garaikurra da hosto beltza, Euskal Herrian erabiltzen zena. Bestalde, Disdira bitxidendak prestatutako eraztun bana jaso dute, eta Azpeitiko Udalak ere oroigarria eman die.

2015 10 24 azketa erlo maiora lendinez