Antxitxikari bakarra lau baino azkarragoa Kilimon Trail Mendi lasterketaren ibilbidean

Barren.eus 2021ko mar. 30a, 08:45

Apustu bitxia jokatu zuten zapatuan Mendaron bost gaztek: Iraitz Ferreirak, Joseba Mantecak, Jon Fernandezek, Andoni Riañok eta Unai Mendikutek: Ferreira, bakarka, eta beste laurak, erreleboka, Kilimon Trail Mendi lasterketaren ibilbidea nork azkarrago osatu: 23 kilometro eta 1.650 metro positiboko desnibela. Iraitz Ferreirak irabazi zuen apustua, bi ordu eta 40 minutuko denbora eginda. Laukoteak ez zuen proba bukatzerik izan.

Goizeko 9:30ean abiatu ziren lasterka Herriko Enparantzatik: Iraitz Ferreira batetik, eta Unai Mendikute bestetik, lauko taldean estreinako erreleboa egiteko ardura zuena. Urnobitzara arteko bidea egin zuen Unai Mendikutek, zazpi bat kilometro pasatxoko bidea, Ferreiraren atzetik.

Urnobitzako gainean, 1:50eko aldearekin aurretik zen Ferreira. Han, Jon Fernandezek hartu zion erreleboa Mendikuteri, eta atzetik hasi bazen ere, Madarixako gainean pare-antzean ziren biak. Andoni Riaño zain zeukan Fernandezek Munitxubarrenen (12,5. km). Errelebo aldaketa egiteko leku horretara, 50 bat segundu aurretik iritsi zen Jon Fernandez. Gelak hartzeko eta hidratatzeko denbora apur bat hartu zuen Ferreirak han, gainera, eta pare bat minutu atzetik irten zen aldatz gora korrika. Andoni Riaño aurretik zen eta goian, Otarren, bost bat minutuko aldea kendu zion lagunari. Bien arteko tartea handituz joan zen, eta Gaintxipixako gainean (17,5. km), sei minutu pasatxo aurretik zen Andoni Riaño.

Azkeneko zatia, Joseba Mantecak osatu behar zuen berez, eta Txitxirrikako bihurgunean sei bat minutuko aldea ateratzen zion Iraitz Fernandezi, baina inguru horretan ondoezik jarri zen Manteca, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Azkenean, bakarra sartu zen, beraz, helmugan: Iraitz Ferreira, bi ordu eta berrogei minutuko denbora eginda.

*Joseba Olazabalek editatu du goiko bideoa.

 2021 03 28 apustua mendaro irteera kilmon

2021 03 28 apustua mendaro irteera kilmon plazan

2021 03 28 apostua mendaro kilimonTrail

2021 03 28 apostua mendaro kilimonTrail 1

2021 03 28 apostua mendaro kilimonTrail b2

2021 03 28 apostua mendaro kilimonTrail lp

2021 03 28 apostua mendaro kilimonTrail erreleboaamaituta

2021 03 28 apostua mendaro kilimonTrail besarkada

2021 03 28 apostua mendaro kilimonTrail besarkada2