Imanol Alvarezek hirugarren egin du Gorlako Igoera txirrindulari lasterketan

Barren.eus 2021ko mar. 29a, 14:22

Gorlako Igoeraren 46. aldia jokatu zuten domekan, afizionatu mailako lasterketa beteranoa eta prestigiotsua. Laboral Kutxa taldeko Asier Etxeberria nafarra gailendu zen, Unai Iribar taldekidearekin batera helmugara iritsita. Eiser-Hirumet taldeko Imanol Alvarez elgoibartarra sailkatu zen hirugarren postuan, lehen bi sailkatuengandik 12 segundora.

Bergarako Lokatza txirrindulari taldeak antolatzen duen Gorlako Igoera ez da ezozein lasterketa, besteak beste, Gorlako igoera irabazteak profesionaletarako aukerak irekitzea ekar dezakeelako, "erakuslehioan jartzen zaitu", Arritxu Iribar txirrindularitza adituaren berbetan. Iaz ez zuten lasterketarik jokatu pandemia dela-eta, eta aurten irrikaz zeuden txirindulariak zein zaleak. Antolatzaileek jende gehien pilatzen diren une eta guneak kontrolatzean jarri zituzten indarrak eta irteera, helmuga eta sari banaketa publikorik gabe egin zituzten. Pandemiak parte hartzean ere izan zuen eragina, baina, Lizarte eta Caja Rural moduko talde indartsuek parte hartzeari uko egin behar izan baitzioten azken orduan –COVIDarekin lotutako arrazoiengatik–. Pandemiari lotutakoak gutxi ez eta erorketa handi bat gertatu zen lehen kilometroetan, eta eroritako zenbait txirrindulari bi anbulantzietan eraman zituzten ospitalera. Beste ezbeharren bati aurre egiteko anbulantziarik gabe gelditu zirenez, lasterketa eten behar izan zuten hogei bat minutuan, eta lasterketako ibilbidea (120 kilometro egin behar zituzten) hogei bat kilometroan laburtzea erabaki zuten antolatzaileek.

Kirol lehiari dagokionean, Laboral Kutxako txirrindulariek erakustaldia eman zuten eta talde horretako bi txirrindulari ailegatu ziren ihes eginda helmugara. Asier Etxeberriak eta Unai Iribarrek elkarri helduta eta besoak jasota gurutzatu zuten helmugako marra. Etxeberriak bigarren egin zuen 2019an eta taldeak erabaki zuen berea zela aurtengo garaipena. Imanol Alvarez elgoibartarrak ondo ezagutzen ditu Etxeberria zein Iribar, Laboral Kutxan taldekide izan baitzituen azken hiru urteetan. Horregatik, pozik da lortutako hirugarren postuarekin. "Azken hiru urteetan taldekide izan ditut eta asko ikasi dut beraiengandik", esan du Alvarezek txirrindulariak.com euskal txirrindularitzaren atariari eginiko adierazpenetan. Asko sufritu zuen arren, pozik eta "sinetsi ezinda" dago podiumeko hirugarren koskara igotzea lortu duelako. Alvarezek Alexander Hejman laga zuen atzean azken metroetan, hirugarren posturako lehian, duela hiru urteko irabazlea. Lau segundoko aldea atera zion. (ikus lasterketako sailkapenak eta hemen lasterketako argazkiak eta kronika)

Taldeak bere aukerengan sinestu izana eta berarentzat lan eginagatik eskerrak eman dizkie taldekideei eta taldeari, eta gaineratu du konfidantza handia emango diola emaitza honek datozen lasterketetarako. "Pozik nago, buruz indartsu eta desiatzen lasterketa gehiago korritzeko", esan du.

2021 03 28 gorlako igoera podiuma gipuzkoa txirrindu federazioa