Dani Arenas: “Txakurrarekin erabateko konplizitatea edukitzea ezinbestekoa da”

Barren.eus 2021ko mar. 18a, 13:32

Kirolzale amorratua da Dani Arenas (Elgoibar, 1976), eta ez du bizitza kirolik gabe ulertzen. Ehizan hasi zen, mendian korrika ondoren, txakur krossean ere ibilitakoa da, eta baita kulturismoan ere. Arroila eta kanoi jaitsierak probatu zituen gero, eta orain bikejoring-ean ari da. Txakur krosaren modalitate bat da bikejoring-a. Txakur krosean txakurra eta korrikalaria elkarri lotuta joaten dira; bikejoring-ean, berriz, txakurra mendiko bizikletari lotzen zaio. Ez da oso kirol ezaguna, baina gero eta gehiago dira praktikatzen dutenak. Arenasek munduko txapelketa irabazi zuen 2019an, eta orain, Espainiako txapelketa irabazi berri du, Sorian.

 

 • Nola iritsi zara bikejoring kirola egitera?
Orain dela hiru bat urte hasi nintzen honetan. Betidanik ibili naiz kirolean, eta batak bestea ekarri du. Mendi maratoietan eta txakur krossean nenbilen garaian bihotzeko gaitz bat nuela esan zidaten
osasun azterketa batean. Itxuraz, jaiotzetik daukat, baina ordura arte ez nekien ezer. Medikuak argi esan zidan bihotz erritmo horretan ezin nintzela ibili, oso arriskutsua zela. Beste zerbait egin behar nuela argi zegoen. Bizikleta izugarri gustatzen zait, eta txakurrak ere bai. Hortaz, biak elkartzea erabaki nuen.

 • Sua txakurrarekin irabazi zenuen munduko txapelketa, eta Asterix-ekin irabazi berri duzu Espainiakoa. Zeren arabera aukeratzen duzu zein txakurrekin lehiatu?
Federazio bakoitzak ezartzen du zein txakurrekin lehiatu behar den. Munduko txapelketa artzai txakur belgiarren modalitatean antolatu zuten, eta Sua arraza horretakoa delako aukeratu nuen berarekin lehiatzea. Asterix, berriz, alaskar txakurra da. Oso desberdinak dira. Sua rally auto moduko bat da, oso ondo ibiltzen da, baina ezin da Asterix bezalakoekin konparatu. Txakur hauek korrika egiteko eta tira egiteko prestatuta daude eta mushingerako erabiltzen dira. Txiki-txikitatik nahi izaten dute tira egitea. Sei hilabeteko beste bat ere badaukat, eta tira egiteko irrikaz dago.

 • Zenbat txakur dituzu eta nola zaintzen dituzu?
Lau txakur ditut. Hiru alaskar eta artzai txakur belgiar bat. Sua izan zen lehenengoa, eta gerora iritsi dira Brook, Nitt eta Asterix. Azken hau Alejandro Gomez korrikalariaren oparia izan zen.
Elgoibarren oso ezaguna zen, Mugertza Krosean parte hartu izan zuen eta irabazi ere bai. Txakur krossean zebilen azken urteetan eta oso lagunak ginen. Iazko uztailean esan zioten burmuinean tumore bat zeukala eta hiru asteko bizitza eman zioten. Galiziara joan ginen oporretan berarekin egotera, eta azken egunean Asterix oparitu zidan. Esan zidan ilusio handia egingo liokeela txakur hori nik zaintzea, eta halaxe ekarri nuen. 29 txakur zeuzkan une hartan, eta ez zion karga hori guztia emazteari utzi nahi bera hiltzean. Zortzi urte dauzka txakurrak, eta hori asko da txakur batentzat. 10 urtera arte lehiatu daitezke gehienez. Ilusio bikoitza egin dit Espainiako txapelketa Asterixekin irabazteak

 • Nola prestatu duzu txapelketa?
Galiziatik etorri ginenean Frantziara joan nintzen entrenatzera, urrian Europako txapelketa jokatu behar genuelako Dolomitetan, baina koronabirusagatik bertan behera geratu zen. Espainiakoa ere azaroan zen jokatzekoa, eta orain jokatu dugu. Koronabirusak dena eten du eta ez dugu apenas txapelketarik eduki. Azaroan ni neu ere gelditu egin nintzen. Triste nengoen eta ez neukan ezertarako gogorik. Txakurrak entrenatzen nituen, baina neure burua ez. Ez nengoen ondo. Autonomoa naiz, lana asko jaitsi zait, autokarabana ere saldu egin behar izan nuen eta hori oso gogorra egin zitzaidan. Hiru hilabete egon nintzen ezer egin gabe, eta hori nigan oso arraroa da. Espainiako txapelketarako bost aste falta zirela bikotekideak esan zidan ezin nuela horrela jarraitu eta motibazioren bat bilatu behar nuela. Eta Alejandro Gomezegatik egitea erabaki nuen. Bost astetan prestatu nuen Espainiako txapelketa, eta oso ondo irten zaigu. Zapatuko proban arazoak izan nituen hasieratik. Maskara kendu behar zen lasterketa hastean, eta hori ez neukan praktikatuta. Kaskoa solte neukala irten nintzen, betaurrekoak kendu behar izan nituen eta hori ez da komeni izaten, txakurrak hondar pila bat botatzen dizulako. Baina denbora asko galtzen ari nintzen, eta horrela arrankatu nuen lasterketa. Txakurra ere urduritzen hasi zen, igartzen zuelako gauzak ez zihoazela ondo. Hirugarren bukatu genuen zapatuan, baina igandean sekulako proba egin genuen. Ia lorik egin gabe lehiatu nintzen domekan. Alokatutako furgoneta batean joan ginen, baina ez zegoen lotarako prestatuta, eta Sorian izugarrizko hotza egiten du. Txapel eta guzti lo egin arren, sekulako buruko minarekin esnatu nintzen. Hala ere, izugarrizko lasterketa egin genuen eta txapelketa irabazi genuen. Oso pozik nago.

2021 03 18 dani arenax bikejoring asterix

∞Lotura duten albisteak: