Bigarren postuan sailkatu dira Hodei Ezpeleta mendaroarra eta Goizeder Belza Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan

Barren.eus 2021ko mar. 16a, 17:39

Gazteak indarrean datoz aizkoran eta baita Mendaron ere, herriko bi aizkolarik hartu baitzuten parte domekan Azpeitian jokatu ziren aizkora txapelketetan. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finalean lehiatu zen Hodei Ezpeleta eta Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketako finalean hartu zuen parte Uxue Ansorregik.

Aizkoran eta harrijasotzen hainbat txapel izan ziren jokoan domekan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Egur Sportek antolatutako Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren 22. edizioaren finala izan zen horietako bat. Lehen Mailako aizkolariak ez dira aritu aurtengo lehian, eta, horren ondorioz, gazteek protagonismo berezia bereganatu dute. Lehian aritu ziren hiru bikoteen artean, Goizeder Belzak bakarrik zituen 25 urte baino gehiago. Era berean, iazko binakako txapelketan 23 urtez azpikoen mailako finalean aritu ziren parte hartu duten hiru aizkolari: Hodei Ezpeleta mendaroarra, Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia.

Domekan Ibai Soroak eta Txomin Amundarainek jantzi zuten irabazlearen txapela, gauzatu beharreko lanak 18 minutu eta 40 segundotan amaituta. Minutu bat eta 25 segundo gehiago behar izan zituzten bigarren postuan sailkatu ziren Hodei Ezpeletak eta Goizeder Belzak. Hirugarren postuan sailkatu ziren Suharri Rodriguezek eta Jokin Urretabizkaiak irabazleek baino 2 minutu eta 11 segundo gehiago behar izan zituzten.

2021 03 14 aizkora azpeitia egursport hodei ezpeleta arg ibon errazu
 • Emakumeetan Sorondo nagusi
Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketako txapela ere jokoan egon zen herri kirol jaialdi berean, eta lau aizkolari lehiatu ziren: Nerea Sorondo, Maika Ariztegi, Claudia Muñoz eta Uxue Ansorregi mendaroarra. Nerea Sorondo, egungo txapelduna, gailendu zen berriro ere. Ariztegi sailkatu zen bigarren postuan, Muñozek egin zuen hirugarren eta laugarren postuan sailkatu zen Ansorregi.

*Argazkiak: Ibon Errazu Uria.

2021 03 14 aizkora azpeitia egursport Uxue Ansorregi arg ibon errazu

2021 03 14 aizkora azpeitia egursport Uxue Ansorregi 2 arg ibon errazu

2021 03 14 aizkora azpeitia egursport Uxue Ansorregi podiuma arg ibon errazu