Mikel Gurrutxaga fitxatu du Lituaniako FK Süduva futbol taldeak

Barren.eus 2021ko mar. 16a, 16:07

Finlandiako eta Estoniako futbol taldeetan jokatu eta gero, Lituaniako futbol ligako talderik indartsuenetarikoa den FK Süduva Marijampole taldean arituko da aurrerantzean Mikel Gurrutxaga Barruetabeña (Elgoibar, 1996) futbol jokalaria.

“Futbolak eramaten nauen lekura joango naiz”, zioen Mikel Gurrutxagak duela bi urte BARREN aldizkariari eman zion elkarrizketa batean. Esan eta egin. Estoniako Paide Linnameeskond futbol taldean jokatzen zuen orduan, Finlandiako JS Hercules taldetik igaro eta gero. Orain, abentura berri bat hastea erabaki du baltikoko beste herrialde batean, Lituaniako FK Süduva taldeak fitxatu berri baitu 24 urteko atzelaria. Lituaniako hiriburu Vilniusetik 160 kilometrora dagoen Marijanpolé herriko futbol taldea da, eta azken urteetan talderik indartsuenetarikoa da Lituaniako A Lyga txapelketan. Izan ere, 2017an irabazi zuen estreinakoz liga txapelketa eta hurrengo bi denboraldietan ere irabazi zuen. Iaz txapeldunordeak izan ziren. Gainera, Europa League eta Champions League txapelketetan ere hartu dute parte.

Víctor Basadre galiziarra da taldeko entrenatzailea eta Gurrutxaga ez da euskal jokalari bakarra izango, Xabi Auzmendi lazkaotarra izango baitu taldekide. Realaren behe mailako taldeetan aritu ostean, Auzmendi Armenian futbolean jokatzen egon eta gero ailegatu zen Lituaniara.
Lituaniako liga oraintsu hasi da, bi jardunaldia bakarrik jokatu baitituzte orain arte. FK Süduvak 0-1 galdu zuen lehen jardunaldian, martxoaren 7an, FK Panevézys taldearen aurka. Gurrutxaga partida eguna baino bi egun lehenago heldu zen taldera, baina partidarako deialdian sartu zuen entrenatzaileak, gero jokatu ez zuen arren. Joan den asteburuan jokatu zuten bigarren jardunaldian 2-0 irabazi zuten Hegelmann Litauen taldearen aurka. 

Lituaniako taldeak egin dion eskaintzari baietza ematea erabaki "erraza" izan dela adierazi du Gurrutxagak bere aurkezpenean eginiko adierazpenetan. "Banekien Lituaniako talderik indartsuenetarikoa zela, besteak beste, zuzenean ikusteko aukera izan nuelako Estonian jokatu zuten partida batean, eta segituan hartu nuen erabakia". Taldearentzat baliagarria izatea dela bere asmoa azaldu du, entrenatzaileak eskatzen diona egingo duela eta jokatzeko lehen aukera noiz iritsiko irrikaz dagoela. "Taldeak jokalari handiak ditu defentsako lerroan eta gogorra izango da gure arteko lehiakortasuna, baina gogor lan eginda saiatuko naiz nire abilezien berri ematen"

2021 03 16 mikel gurrutxaga fk suduva lituania entreatzaileagaz

2021 03 16 mikel gurrutxaga fk suduva lituania entrenamentuan 1

∞Lotura duten albisteak