Daniel Arenasek Espainiako Bikejoring txapelketa irabazi du bere adin tartean

Barren.eus 2021ko mar. 4a, 15:05

Soriako Olvega herrian jokatu zuten, joan den asteburuan, lur gaineko Espainiako Bikejoring Txapelketa, sprint distantzian. Dani Arenasek (Elgoibar, 1976) 'Asterix' txakurrarekin hartu zuen parte eta lehen postua lortu zuten beteranoen mailan, Master 40 kategorian.

Guztira 250 musherrek hartu zuten parte Espainiako Bikejoring txapelketan, kategoria desberdinetan. Bi jardunalditan lehiatu ziren, zapatuan eta domekan. Lehen jardunaldian 4,5 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten eta bere kategoriako hirugarren postua eskuratu zuten Daniel Arenasek (FVDI - ZUZEN) eta 'Asterix'ek. Hori bai, lehen hiru sailkatuen arteko aldea oso txikia izan zen. Denbora bera markatu zuten lehen biek, zazpi minutu, 47 segundu eta 20 ehuneko. Arenasek eta 'Asterix'ek 40 ehuneko gehiago behar izan zituzten, begiak kliskatzeko behar den denbora. Domekan 6,2 kilometroko ibilbidean aritu ziren lehian eta nagusitasunez gailendu ziren Arenas eta 'Asterix'. Hamabi segunduko aldea atera zioten bigarren egin zuten Jorge Gomezi eta 14 segundoko aldea Ismael Mediavillari, lehen jardunaldian aurretik sailkatu ziren bi partaideak. Hortaz, Master 40 kategoriako lehen postua eskuratu zuten Arenasek sailkapen nagusian. (ikus sailkapenak). Teledeporte katean ikus daiteke txapelketako laburpen-bideoa.

Duela bi urte, 2019ko ekainean, artzai txakur belgiarrentzako munduko txapelketan hartu zuen Arenasek, 'Sua' txakurrarekin, Txekiako Pisek hirian; eta, garaipena eskuratu zuen beteranoen mailan.
Hainbat mushing modalitate daude. Elur gainekoak dira ezagunenak (trineo arrunta, pulka eta skijoring-a), baina lur gainean jokatzen direnak ere badaude. Lur gainekoak lau dira: cart, trizikloa, bikejoring eta txakur krosa. Lehenengo hiru modalitateetan zakurrek cart-etik, triziklotik edo bizikletatik tira egiten dute. Laugarren modalitatean gidaria zakurrari lotuta doa, antxitxika.

2021 03 04 bikejoring dani arenas espainia txapelketa albotik