Hamalau ordu eta 50 minutuan gauzatu du Juanan Martinek mendiko zazpi maratoi erdi astebetean egiteko erronka

Barren.eus 2021ko mar. 2a, 11:52

Astelehenetik domekara, astebetez, egunero maratoi erdi bat korritzea. Horixe zen Juanan Martinek bere buruari jarri zion erronka, eta lortu du. Gainera uste baino hobeto amaitu du, egunetik egunera sentsazio hobeagoekin, bigarren egunean bertan behera lagatzea burutik pasa zitzaion arren.

Astebetean 147 kilometro antxitxika egin ditu Juanan Martinek mendian, eta 7.600 metroko desnibel positiboa metatu du zazpi egunetako korrikaldi saio horietan. Egunero errutina bera errepikatu du: Txarriduna Hoteletik irten, Karakateraino igo, eta handik Irukurutzetaraino joan-etorria egin Atxolinetik pasaz, bai joanekoan eta bai bueltakoan. 21 kilometro guztira. Egun bakoitzeko ibilbidea egiteko bi ordu eta hogei minutuko denbora behar izan du, batez beste. Eguaztenean, hirugarren egunean, egin zuen itzulirik azkarrena, bi ordu eta bi minutuan hain justu ere. Eta hori eguna zalantzekin hasi zuela. Izan ere, lehen egunean sentsazio oso onak izan zituen eta bigarrengoan erritmoa bizitzea erabaki zuen, bereziki jaitsieretan. Bizkar aldean muskulu-uzkurdura bat igarri zuen ordea, eta kezkatuta joan zen ohera martitzen iluntzean. "Erronka bertan behera laga beharko nuela ere pasa zitzaidan burutik", dio. Zorionez, usteak erdi ustel, hurrengo egunean denak emanda aritu baitzen korrika. "Kontu handiz hasi nintzen, baina behin berotuta arazorik gabe aritu nintzen. Gainera, laguntzailerik gabe aritu nintzen egun bakarra izan zen asteazkena, eta erritmo bizian egin nuen itzulia". Orohar, zazpi egunetan mantendu du erritmo bizi hori. "Kilometroa sei minutu eta hamar segunduan atera zait, batez beste, eta hori erritmo bizia da zazpi egunez jarraian mantentzeko". Karakaterainoko igoeretan ere erregulartasuna erakutsi du. 50 minutuan egin ditu igoera gehienak, eta batzuek 48 minutuan ere bai.

2021 03 01 juanan martin 21 km 7 egun elgoibar irukurutzeta laguntzaileegaz

 • Bidelagunak
Joan den abenduan Karakate eta Elgoibar artean egin zuen erronkan moduan, oraingoan ere hainbat laguntzaile izan ditu bidelagun. "Primerako laguntzaileak izan ditut oraingoan ere eta eramangarriago egin didate erronka. Asko lagundu didate Iker Arrillagak, Denis Sanzek, Pilar Arriolak, Iker Izagirrek, Txeluk edota Alex Bergua eta Eneko Etxaniz moduko gazteek. Azken horiek edozertara moldatzen direla erakutsi dute, gaur esku pilotan, futbolean bihar eta mendi lasterketetan orain. Harrobia ziurtatuta daukagu. Laguntzaileen artean aipamen berezia merezi du Kalaka Gonzalez 17 urteko eibartarrak. Eskubaloian jokatzen du Eibarko taldean eta atletismoan ere ibiltzen da. Eibartik bizikletaz etorri zen zapatu goizean, nire eronkan parte hartzeko prest. Gosaldu gabe etorri zen eta nire barrita energetiko bat partekatu genuen bidean. Sekulako gaitasuna dauka eta erraz osatu zuen maratoi erdia. Oso ondo pasatu genuen. Hurrengo egunean eskubaloiko partida zeukala esan zidan". Bidelagun horiez gainera, bidean topo egin dituen mendizaleen animoak ere jaso ditu eta eskerrak eman nahi dizkie guztiei ibilbidearen zailtasuna arinagotzen lagundu dielako. Pozik amaitu du errronka hau eta hurrengoetan pentsatzen ari da dagoeneko. "Gorbea, Anboto eta Aizkorrira igoera bertikalak egitea gustatuko litzaidake San Jose Egunaren inguruan, eta prest nago proposatzen didaten beste edozein erronka egiteko ere.".

2021 03 01 juanan martin 21 km 7 egun elgoibar irukurutzeta arg martadiaz

2021 03 01 juanan martin 21 km 7 egun elgoibar irukurutzeta 1

∞Lotura duten albisteak: