Beste herri batzuetako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute kirol patronatuko abonatuek

Barren.eus 2021ko mar. 1a, 16:02

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuko urteko abonoa dutenek beste herri batzuetako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute Mugiment Kirol Txartelarekin, Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako 40 herri baino gehiagotako 70 kirol-instalazio, hain zuzen ere.

Mugiment Kirol Txartela Euskal Herri osoan ezartzen ari den txartel birtuala da, mugikorrerako 'app' bat. Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurraldeetako Foru Aldundiek sustatutako proiektua da, parte hartzen duten udalerriekin batera. Helburua kirola sustatzea denez, herritarrek beste herrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera dute txartel honekin. Egitasmo hau Bizkaiko hainbat herritan hasi zen fase pilotuan, 2017an: Santurtzin, Portugaleten, Ortuellan, Trapagaranen, Zierbenan eta Abanton. Probaldiaren ostean, Barakaldo, Sestao eta Muskiz batu ziren eta 2020. urte hasieran Laudiora eta Amurriora, Araban, eta Aretxabaletara, Arrasatera, Bergarara, Eskoriatzara eta Oñatira Gipuzkoan, heldu zen. Jaurlaritzak hiru probintzietako herri guztietara zabaldu nahi du.

Elgoibarren gaurtik aurrera erabili ahal izango dute, Udal Kirol Patronatuko urteko abonoa dutenek, gastu gehigarririk gabe. Mugiment txartel birtuala deskargatu eta egitasmoan parte hartzen duten herrietako kirol instalazioetara sarbidea izango dute erabiltzaileek, dagokion udalerriak zehaztutako ordutegi eta instalazioetan.
Une honetan Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako 40 herri baino gehiago atxikitu dira egitasmo honetara eta 70 instalazio baino gehiago (igerilekuak, frontoiak, muskulazio gelak, e.a.) eta 488 kirol jarduera jarri dituzte eskuragarri. Herri bakoitzak erabakitzen du ze instalazio bideratu egitasmora eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak bere padel eta tenis pistak, rokodromoa, squasha, saunak eta Ikastolako frontoia eskainiko ditu, ordutegi zehatz batean, hau da, erabilera gutxien duten egun eta ordutegietan:

2021 03 01 mugiment Elgoibar instalazioak ordutegia

Udaletik zehaztu dutenez, egitasmo honetan parte hartzeak ez dio gasturik eragiten Udalari. Elgoibarko abonatuek beste herrietan egiten dituzten erabileren eta Elgoibarren beste herrietako abonatuek egiten dituzten erabileren artean konpentsazio sistema bat aplikatzen du Eusko Jaurlaritzak eta berak daukan diru poltsa baten bitartez finantziatzen ditu erabilera hauek, herri bakoitzari konpentsazio ekonomikoak eginez.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuako abonatuek erabili ditzaketen beste herrietako instalazioak www.kiroltxartela.eus webgunean ikus daitezke.

"Txartel birtual" hau erabiltzeko pausuak:

  1. Mugikorrean mugiment kiroltxartela instalatu.
  2. Erregistratu datu pertsonalak emanez, email helbidea eta NAN zenbakia, abonatua den instalazioaren izena adieraziz.
  3. Esandako erakundea balioztatu ondoren eta notifikazioa jaso ostean, mugiment kiroltxartela erabil daiteke.
  4. Kirol instalaziora sartzean, “txartel birtuala” eta NAN erakutsi behar da.
  5. Instalazioaren langileak sarrera erregistratzen du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartuz eta sarrera emanez.