Eliteko kirola aztergai izan duen 'Ur Handitan' saioko elkarrizketatuetako bat izan da Zuhaitz Gurrutxaga

Barren.eus 2021ko ots. 24a, 13:21

Puntako kirol lehian egon diren edota dauden hainbat kirolari eta aditu elkarrizketatuko dituzte ETB1eko Ur Handitan saioan, eta Zuhaitz Gurrutxaga izan da elkarrizketatuetako bat. Eliteko kirolari izateak dakarren presioaren ondorioz nahasmendu obsesibo konpultsiboa pairatu zuela aitortzen du futbolari ohi elgoibartarrak.

Kirolean osasuna eta parte-hartzea bezalako balioen gainetik lehiaketa jartzen denean, dena aldatzen da. Eliteko kirola da. Ur Handitan telebista saioko aurkezle Xabier Madariagak puntako lehia horretan egon diren edota dauden hainbat kirolari elkarrizketatu ditu 'Presiopean' izeneko atalean, baita aditu batzuk ere, dituzten kezkak, oztopoak, nahiak eta helburuak ezagutzeko. Besteak beste, Maialen Chourraut, Eli Pinedo, Maider Redin edo Markel Alberdi kirolarien bizipenak jaso dituzte, eta baita Zuhaitz Gurrutxagarenak ere. Futbolari ohiak 13 urterekin bete zuen Realean jokatzeko ametsa. Baina hasierako ilusio hori presio bilakatu zen. Bere eta taldearen eskaera maila gero eta altuagoa zen. Horri lotuta, nahasmendu obsesibo konpultsiboa garatu zuen, taldeari ezkutatu eta bere kirol ibilbidean hainbat buruhauste eragin zizkiona. Honela dio elkarrizketako pasarte batean: "Nahasmendu obsesibo konpultsiboa ia seguru nago lehenengo mailako jokalari izateak sortutako presiotik iritsi zela. Uste dut bidean utzi nuela osasuna, baina ez naiz ezertaz damutzen, ez nuke ezer aldatuko, ze orain naizena guzti harengatik da".

 Nahieran atalean ikus daiteke osorik kirolaren argi-ilunak eta harek dakarren presioaren kudeaketari buruzko Ur Handitan saioko Presiopean atala.