Azken postua atzean laga du Gaurvek BM Loyola talde nafarrari irabazi eta gero

Barren.eus 2021ko ots. 10a, 15:01

Sailkapenaren zulotik irteteko borrokan aurkari zuzen baten kontra jokatu zuen Gaurve Asesores eskubaloi taldeak, ligako 17. jardunaldian. Urrearen balioa duen garaipena eskuratu zuten Iruñean, BM Loyola taldearen aurka. Aldiz, Alcortari azken segunduetan ihes egin zion eskura izan zuen garaipenak.

Gaurve Asesores senior emakumezkoen Sanloko taldeak partida garrantzitsua irabazi zuen joan den zapatuan, Iruñean. BM Loyola taldearen aurkako neurketan bederatzinako berdinketarekin ailegatu ziren atsedenaldira, baina Sanloko jokalariek defentsako lana asko estutu zuten bigarren zatian eta eraginkortasunez aritu ziren erasoan. Hala, 18-24 irabazi zuen Gaurvek. Emaitza honi esker, Ohorezko Zilarrezko mailako azken postua atzean laga du Gaurvek. Sailkapeneko azken hiru sailkatuek 7 puntu dituzte eta puntu bat gehiago du BM Loyolak. Hurrengo jardunaldian bosgarren postuan sailkatuta dagoen El Pendo Camargo talde kantabriarraren bisita jasoko du Gaurvek (zapatuan, 19:00etan Olaizagan. Youtuben zuzenean emango du Sanlok).

 • Garaipena eskura izan zuen Alcortak
Senior gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak ere eskura izan zuen garaipena, baina hatz puntetatik ihes egin zion. Easygas Urduliz talde bizkaitarraren aurka jokatu zuten Olaizagan, eta partida amaitzeko 15 segunduren faltan 26nako berdinketa erakusten zuen markagailuak, eta gainera etxeko taldeak zuen baloiaren jabetza. Huts tartea eskatu ostean, ondo atera zen Sanlokoek prestatutako jokaldia eta garaipena eskuratzeko jaurtiketa argia izan zuten. Urdulizeko atezainak, baina, geldiketa erabakigarria egiteaz gainera, azken kontraerasoa antolatzeko aukera eman zien taldekideei. Ziztu bizian irten eta partida amaitzeko bi segundu falta zirela sartu zuten sare barruan azken gola eman zien baloia (hemen ikus dezakezue partida)
Era krudel horretan galdu arren, lehiakortasuna berreskuratu dutelako eta "talde moduan hazteko" balioko dielako pozik daude Sanlokoak. Halaxe azaldu du taldeko entrenatzaileetariko bat den Zigor Esnaolak: "Covidak asko baldintzatu duen taldea gara, askok laga behar izan baitute taldea, baina gazteak azkar ikasten ari dira eta azken partida hau da adibiderik garbiena. Talde hau zer den erakusten duten balore guztiak azaleratu zituzten: ahalegina, sakrifizioa, talde lana eta adiskidetasuna. Partida horretan bi puntu galdu genituen azken segunduetan, baina talde moduan bi puntu baino gehiago dira irabazi ditugunak. Egunetik egunera hazten ari gara eta horrek egiten gaitu handi. Harro nago taldeaz eta hazkunde une hauek elkarrekin bizi ahal izateaz".

Zaragozan jokatuko du Alcortak hurrengo partida, hilaren 13an. Dominicos Zaragoza taldearen aurka. Sailkapenean bi postu gorago, bost puntura daukaten taldea, hain zuzen ere.

2021 02 06 alcorta FG sanlo olaizagan