Garaipen bat, porrot bat eta berdinketa bat eskuratu dituzte Sanloko senior taldeek asteburuan

Barren.eus 2021ko urt. 19a, 19:24

Gabonetako atsedenaldia eta gero, lehiara itzuli dira Sanloko senior mailako taldeak. Alcortak zein Gaurvek etxean jokatu zituzten euren partidak, senior gizonezkoen taldeak gainera bi partida jokatu zituen 48 orduko tartean, eta beste bat jokatuko dute eguazten honetan, urtarrilaren 20an.

Alcorta Forging Group taldeak joan den barikuan jokatu zuen lehen partida, Huescako Avefor taldearen aurka. Partida hori laugarren jardunaldian jokatu behar zuten, joan den urrian, baina bertan behera laga zuten koronabirus kasuengatik. Partida estu baten ostean, azken segunduak arte erabaki ez zen partida gol bakarreko aldeaz irabazi zuten etxekoek, 20-19ko emaitzarekin. Hala, aurkari zuzen bati gailendu zitzaion Alcorta; eta, aldi berean, Lehen Nazional mailako sailkapenean hiru postu aurreratu zituzten elgoibartarrek. "Emaitzak erakusten duen moduan, taldeen defentsako lanak gaina hartu zion erasokoari. Bestalde, markagailu estuak erakusten du urduritasuna, tentsioa eta bihotzaren taupadak pil-pilean egon zirela. Une honetan, taldearen inguruan bakarrik arnasten da poza", adierazi dute Sanlotik. (Sanlok Youtuben duen kanalean ikus daiteke Aveforren aurkako partida)

 • Ezin Tolosaren aurka
Alcortak domeka eguerdian jokatu zuen asteburuko bigarren partida, hau ere Olaizaga kiroldegian. Tolosa izan zuen aurkari, eta 16-27 galdu zuten. Lehen zatia parekatua izan zen, eta hiru goleko errenta (7-10) eraman zuten Tolosakoek aldageletara. Alcortako jokalaririk aipagarrienak izaten ari ziren bi jokalarik min hartu izana erabakigarria izan zen partidaren bilakaeran (ikus hemen Alcorta F.G. eta Tolosaren arteko partida).  "Egoera aldakorra izaten ari da denboraldi honetan, baina taldea ilusioz gainezka dago eta ezina ekinez eskuratzen dela badakigu", esan dute Sanlotik Alcortaren denboraldiaz. Ia atsedenik hartzeko astirik gabe, eguazten honetan (urtarrilak 20) jokatuko du Alcortak ligako beste partida bat, hau ere atzeratutakoa. Atarrabian jokatuko dute Beti Onak taldearen aurka, 10. jardunaldiari zegokion norgehiagoka. Talde nafarrak Youtube bidez emango du partida zuzenean.
 • Berdinketa Gaurve eta Lagunak taldeen arteko partidan
Gaurve Asesoresek ere, Sanloko senior emakumezkoen taldeak, etxean jokatuko zuen zapatuan, eta 21na berdindu zuten Barañaingo Lagunak taldearen aurkako neurketan. Parez-pare aritu ziren bi taldeak partida guztian, atsedenaldira ere 13nako berdinketarekin ailegatu baitziren. "Erasoan zein defentsan ondo hasi genuen partida, eta minutuak aurrera joan ahala defentsan ondo moldatzen jarraitu genuen arren, erasoan gehiago kostatzen zitzaigun", esan dute taldeko arduradunek. Bigarren zatia lehenengoaren ildo beretik joan zen, bi taldeak erasoan baino hobeto aritu ziren defentsan, eta etxeko taldeak ez zuen asmatu azken minutuetan markagailuan izan zuen aldea kudeatzen. Azkenean, puntu bat lortuta hasi du Gaurvek Ligako bigarren itzulia. (ikus hemen Gaurve Vs Lagunak partida)