Eskola Kiroleko entrenamenduak urtarrilaren 20an hasiko dira berriro Elgoibarren

Barren.eus 2021ko urt. 15a, 14:57

Eskola Kiroleko entrenamenduak berriro hastea baimendu du Jaurlaritzak, eta Elgoibarko Eskola Kirolak datorren eguaztenean, urtarrilaren 20an, ekingo dio berriro bere jardunari. Betiere, Elgoibarrek eremu gorritik kanpo jarraitzen badu.

 Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtarrilaren 12an argitaratutakoaren arabera, eskola-kiroleko entrenamenduei berrekin ahal izango zaie eremu gorrian ez dauden herrietan, gehienez ere sei laguneko taldetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili. Hortaz, udal instalazioak neurri berrietara egokitu ostean, entrenamenduekin hasteko baimena dute.

Entrenamendu saioekin “ahalik eta azkarren” hasteko helburua zutela jakitera eman zuten Elgoibarko Eskola Kiroleko arduradunek Jaurlaritzaren erabakiaren berri izan eta gero, guraso asko izan baitzituzten zer egin behar zuten galdezka. Gaur batu dira azken erabakia hartzeko eta entrenamenduekin hastea erabaki dute. "Saioak asteazkenean, urtarrilak 20an, hasiko ditugu. Astelehena jai eguna izanik Elgoibarren, asteartea ikaslee guztiei jakinarazteko baliatuko dugu", adierazi du David Rodriguezek, Elgoibarko Eskola Kiroleko arduradunak.