Alcortak bi eskubaloi partida jokatuko ditu 48 ordutan

Barren.eus 2021ko urt. 13a, 13:28

Alcorta F.G. eskubaloi taldeak ligako bi partida jokatuko ditu asteburu honetan Olaizaga kiroldegian. Eta senior emakumezkoen Gaurve taldeak ere Olaizagan jokatuko du urteko lehen partida.

Abenduaren 20an jokatu zituzten Sanloko senior mailako taldeek ligako azken partidak. Gabonetako atsedenaren ostean, asteburu honetan hasiko dira berriro lehian, eta itzulera gogorra izango da, bereziki Alcorta taldearentzat. Izan ere, bi partida jokatuko ditu 48 ordu baino gutxiagoko tartean. Barikuan, 19:00etan, Huescako Avefor taldea izango du aurkari. Partida hori laugarren jardunaldian, joan den urrian, jokatu behar zuten, baina bertan behera laga zuten koronabirus kasuengatik. Atseden handiegirik gabe, domekan jokatuko du Alcortak asteburuko bigarren partida, 13. jardunaldikoa. Tolosa C.F. eskubaloi taldearen aurka jokatuko dute, 12:00etatik aurrera, Olaizagan. Lehen Nazional Mailako sailkapeneko azken aurreko postuan dago Alcorta, hiru punturekin, eta azken postuetatik irteteko partida erabakigarriak izango dira bi partiduok, besteak beste, aurrenekoa, Huescako taldearen aurkakoa, azkenengo bi sailkatuen arteko norgehiagoka izango delako. Aragoarrek ez dute oraindik punturik eskuratu.

Gaurvek, Sanloko senior emakumezkoen taldeak ere etxean jokatuko du asteburu honetan. BaraƱaingo Lagunak taldearen aurka jokatuko dute zapatuan, 18:30ean. Nafarrak zortzigarren postuan daude Zilarrezko Ohorezko Mailako sailkapenean eta azken postuan dago Gaurve.

Hiru partidak publikorik gabe jokatuko diren arren, zuzenean emango ditu Sanlok Youtuben duen kanaletik.