Erlo gainetik hegan paraje elurtuetan barrena

Barren.eus 2021ko urt. 7a, 15:34

Makina bat lagun igo dira azken egunetan inguruko mendietara elurraz gozatzera, baina gutxik izango zuten Iosu Juaristik paraje elurtuez izan duen halako ikuspegia. Erloko (1.026 m) tontorretik aireratu zen parapentean, gero Azpeitian lur hartzeko, eta bideo batean jaso du hegaldia.

Neguan parapente hegaldi gutxiago egiten direla azaldu du Iosu Juaristi parapente pilotu elgoibartarrak, hotzagatik eta eguraldia aldakorragoa eta bortitzagoa delako. Eguraldi iragarpenak kontzientziaz aztertzen dituztela dio. "Denbora asko eman behar da iragarpenei begira hegan egin ahal izateko kondizio onenak topatzeko. Faktore asko hartu behar dira kontuan, haizearen indarra eta norabidea, tenperatura, lainoak sartuko diren ala ez, zenbaterainokoa izango den ikusgaitasuna... gainera une apropos hori oso laburra izan daiteke eta lekuan bertan, prest, egon behar da aprobetxatu ahal izateko. Aldaketa txiki bat nahikoa da hegaldia bideragarri ez egiteko. Saiakera asko egin behar dira eta askotan esku hutsik bueltatzen gara menditik", dio. Hori bai, ez dela zorte kontua zehaztu du, behin eta berriro saiatzerena eta eskarmentua edukitzearena baizik.

 • Tontorretik aireratzen lehenengoak
Oraingoan, erabat elurtuta dagoen Erlo menditik aireratzea zen erronka. Azpeitiko parapente lagun batekin batera Erlora igo zen Juaristi Errege Egunean, urtarrilaren 6an. Hamabost bat kiloko bizkarzakuarekin egin zuten tontorrerainoko bidea, elurretan barrena. Hego haize leuna topatu zuten tontorrean, hegaldirako aparta. Aireratzeko korrika egin behar izaten dute zenbait metrotan, eta lur zati horrek garbi egon behar du, oztoporik gabe. "Erloren tontorrean harri asko daude eta ez da batere aproposa aireratzeko. Elurtuta egotea, baina, abantaila izan da, harriak elur azpian geratzean aireratzeko aukera gehiago genituelako. Hala ere, Erloko tontorretik aireratzea lortu duten lehenengotariko parapentelariak izan garela uste dut. Beheraxeago aireratu izan dira batzuek, baina tontorretik bertatik, gurutzearen ondo ondotik, aurrenekoak izan garela esango nuke".
 • San Inazioren irudiaren ondotik
Hamalau bat minutuko hegaldia zoragarria izan zela aitortu du Juaristik, zero azpitik hiru gradutan egin zuen arren. Zuriz jantzitako paisaiez gainera, "mendian gora zihoazen mendizaleak, bordan zegoen jende mordoa, zaldiak... dena ikusten da airetik, eta Xoxoten dagoen San Inazioren irudi ondotik pasatzea ere berezia izan zen. Gure artean beti aipatzen dugu txantxetan parakaidismoaren modalitatea den windsuiteko aitzindarietako bat izan behar zuela San Inaziok, daukan janzkeragatik eta eskuen posizioagatik, halaxe egiten baitute hegan saguzarrak diruditen trajeak soinean dituztela".

 • Bizikleta elektrikoan Karakatera
Juaristik behin baino gehiagotan hasi ditu parapente hegaldiak Karakatetik eta elurtuta dagoen honetan ez du baztertzen saiakeraren bat egitea datozen egunetan. Karakatera igotzeko beste garraiobide bat ere probatu du, bizikleta elektrikoa, hain justu ere, eta esperientzia hori ere bideo batean jaso du. Bizikleta elektrikoa elur gainean nola moldatzen zen jakin nahi zuen eta uste baino hobeto ibili dela esan du.

∞Lotura duten albisteak: