Juan Kruz Gabilondo futbolari ohia hil da

Barren.eus 2020ko abe. 16a, 12:00

Juan Kruz Gabilondo Muguerza 92 urte zituela zendu zen abenduaren 10ean. Gabilondok Betis futbol taldean jokatu zuen 1953tik 1956ra bitartean, eta, urte gogor askoren ondoren, 1954. urtean Betis taldea Espainiako Ligako Bigarren Mailara igo zuen hamaikakoan izan zen Gabilondo. Ahatik, gogoan dute oraindik ere eta dolumin mezua zabaldu du Sevillako taldeak.

Juan Kruz Gabilondo 1953. urtean fitxatu zuen Betisek. Mirandes taldean ibilia zen aurrez, eta berehala egin zuen lekua Betisen ohiko hamaikakoan. Atzelari aritu zen, eta sasoi hartan lau mosketeroak izenez bataiatu zuten laukoteko bat izan zen. Gonzalez atezainak eta Portu eta Cifuentes hegalekoek osatzen zuten laukote hori Gabilondorekin batera. Esan bezala, Betis taldea Bigarren Mailara igotzea lortu zuen talde hark, eta Gabilondok bere maila onena erakutsi zuen, harik eta meniskoa hautsi eta aldi batez futbola laga behar izan zuen arte.

Sevillako taldeak akorduan izan zuen Gabilondok Betis taldearen alde egindako lana, eta Betis taldeko ordezkarien bisita jaso zuen orain dela bi urte Elgoibarko bere etxean. Rafael Gordillo Betis futbol taldeko Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Manolo Rodriguez Real Betis Balompie Fundazioko kudeatzaileak oroigarri bat eta Betiseko kamiseta bat oparitu zizkioten Gabilondori. 

Bizirik dauden Betiseko jokalari ohien artean kiderik adinekoena zen Gabilondo, eta zendu denean ere gogoan izan dute, dolumin mezua zabaldu baitu Betisek. Era berean, Betisek Villareal taldearen aurka Benito Villamarinen asteburuan jokatu zuen ligako partidan minutu bateko isilunea egin zuten Gabilondoren omenez.

2020 12 16 2018 08 27 juan kruz gabilondo elgoibar betis futbol

∞Lotura duten albisteak: