Urtarrilaren 24an da jokatzekoa 78. Mugertza krosa, Elgoibarko kirol ekitaldi nagusia, baina hala izateko lau baldintza bete beharko direla aurreratu du Mintxeta taldeko zuzendari Zigor Diezek: "Lehenik eta behin, antolatu ahal izateko dirua izatea, eta horren barruan Udalaren eta babesleen laguntza; bigarrenik, erakundeen baimena eta ikusleekin jokatu ahal izatea. Lasterketa telebistaz ematea da hirugarren baldintza eta nazioarteko atletarik onenak, tartean afrikarrak, Elgoibarrera ekartzeko aukera izatea laugarrena", azaldu du Diezek. Baldintza horiek guztien gainetik, baina, pandemiaren bilakaerak izango ditu azken hitza, eta horren arabera agintariek hartzen dituzten erabakiek. Proba antolatu ahal izateko jarri dituzten baldintzetako batzuek betetzen dituztela zehaztu du. "Badaukagu Udalaren eta Aldundiaren babesa, baina Osasun Sailak izango du azken hitza. Gaur gaurkoz semaforo gorriarekin egotea ez da ona guretzat". Protokolo bat lantzen ari direla gaineratu du. "Mintxeta kirolguneak badu Covidari aurre egiteko protokoloa eta gu gurea lantzen ari gara, besteak beste, zenbat korrikalari lehiatu ahal izango diren lasterketetan, euren bidaiak eta hemen egingo duten egonaldia nola kudeatu edo ikusleek non eta nola egon ahal izango duten. Publikoarekin jokatzea nahitaezkoa da guretzat, aforo mugatuarekin bada ere".
• Umeen lasterketarik ez
Era berean, argi dute ezingo dutela umeen lasterketarik antolatu, junior eta senior mailako lasterketak bakarrik jokatuko lirateke, eta lasterkarien kopuruak mugatuta. Telebistaren baietza badutela dio Diezek, ETB prest dagoela lasterketa emateko. Finantzazioari dagokionez, babesle batzuek aurten ezingo dietela diruz lagundu jakinarazi diete, egoera ekonomikoa "txarra" dutela-eta. Alabaina, krosa antolatzeko finantzazioa eskuratzea lorgarria dela uste du Diezek. "Aurtengo edizioa salbatzea garrantzitsua izango litzateke eta horretarako ari gara lanean", dio. Aitortzen du, hala ere, etxe barruan ere zalantzak dituztela eta eztabaida bizirik dagoela krosa antolatzeko gai izango diren ala ez, denak ez direlako bera bezain baikorrak. Aipaturiko baldintzak betez gero, ez du krosa antolatzeko esperantzarik galdu. "Bien bitartean atletekin kontaktuan jarraitzen dugu eta adi gaude ea zer esango duen Jaurlaritzak datorren abenduaren 10ean. Hor hartu beharko dugu azken erabakia".
∞Lotura duten albisteak:
- Mugertza krosak hirugarren postuari eutsi dio Espainiako krosen sailkapenean (2020-05-20)
- Obiri eta Worku izan dira azkarrenak 77. Mugertza krosean (2020-01-12)
- Inazio Izagirre eta Juan Mugertza atletak gogora ekarri dituzte, Anberesko Olinpiar Jokoetan parte hartu eta 100 urtera (2020-01-10)
- Hellen Obiri izango da izar nagusia Mugertza krosaren 77. ekitaldian (2020-01-08)
- Mugertza krosa atletismo ondarea errekonozimenduarekin sarituko du IAAFek (2019-11-04)
- Mugertza krosa hirugarren postuan da Espainiako krosen sailkapenean (2019-05-15)
- Zigor Diez: "Mugertza krosari prestigioa eta izen ona ematen dio Munduko Kros Txapeldunak Elgoibarren irabazitakoak izateak" (2019-04-02)
- Hellen Obiri eta Rhonex Kipruto nagusitasunez gailendu dira 76. Mugertza Krosean (2019-01-13)