Datorren denboraldian aizkorako gorengo mailan lehiatzeko atarian geratu da Hodei Ezpeleta

Barren.eus 2020ko abe. 1a, 15:54

Urrezko Aizkolarien Euskal Herriko 2. eta 3. mailetako Aizkolari Txapelketako finalak jokatu zituzten, domekan, Arabako Bastida herrian. Bigarren mailako finalean lehiatu zen Hodei Ezpeleta mendaroarra eta hirugarren postuan sailkatu zen.

Egur Sportek antolatzen duen Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketaren finalean zazpi aizkolari lehiatu ziren. Pandemia dela-eta ikuslerik gabe jokatu zuten finala Bastidako pilotalekuan.

Aizkolariek bi kanaerdiko enbor, beste bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituzten, eta Arostegiko Oier Kañamares "Kañamares IV" aizkolari nafarra izan zen lanak bukatzen azkarrena (23´38´´). Luis Txapartegi aizkolari aizarnarrak egin zuen bigarren, irabazlearengandik 40 segundura. Hirugarren postuan sailkatu zen Hodei Ezpeleta (25´09´´), Txapartegirengandik 50 segundura.
Lehen bi sailkatuek datorren urtean aizkorako maila nagusian, lehen mailan, aritzeko txartela irabazi zuten. Hortaz, datorren denboraldian Euskal Herriko aizkolari onenekin lehian aritzeko atarian geratu da Ezpeleta aurtengoagatik.

2020 12 01 EH txapelketa podiuma egur sport hodei ezpeleta