Julen Urruzola: “Ez sinestekoa da Julen Aginagalderekin aldagela partekatzea”

Barren.eus 2020ko aza. 27a, 10:49

Umetan futbolean hasi bazen ere, eskubaloian hasi orduko hasi zen nabarmentzen Julen Urruzola Pagazartundua (Elgoibar, 2002), jokalari garaiena eta goleatzaile onena izaten zelako. Infantil mailan jaso zuen Espainiako selekzioaren deia aurrenekoz, eta orain, 18 urterekin, Irungo Bidasoa taldearekin egin du debuta Asobal ligan. 2,04 metroko garaiera du Urruzolak eta alboko postuan jokatzen du.

 

 • Debuta egin duzu Bidasoarekin Asobal Ligan, baina pandemia garaian izan da. Gazitik ala gozotik izan zuen gehiago?
Asobal Ligan debutatzea helburu bat zen niretzat, eta amets bat bete dut Bidasoa moduko talde historiko batekin debuta eginda, baina, egia da ez zela egoera normal batean izan, koronabirusagatik. Zorionez, debut partida jokatu genuenean 400 ikuslera arteko aforoa zegoen baimenduta Artalekun eta eduki nuen zaleen berotasuna sentitzeko aukera. Nire azalean sentitu nuen Bidasoako zaleek nola animatzen dituzten jokalari gazteak. Nava taldearen aurka jokatu baino bi egun lehenago jakin nuen jokatzeko aukera izango nuela eta urduri pasa nituenegun haiek, ez baita ohikoa Asobal Ligan 18 urterekin debutatzeko aukera izatea, are gutxiago taldera ailegatu berritan... eta nahi nuen gauzak ondo irtetea. Kantxara irten nintzenean baretu ziren urduritasunak, eta gainera gol bat sartzeko aukera ere izan nuen azken segunduetan; ezin dut gehiago eskatu.

 • Nola bizi izan dute ingurukoek debuta?
Zorionak eman zizkidaten eta nigatik asko pozten zirela esan zidaten. Denak ez, baina lagun batzuk badauzkat eskubaloi zaleak direnak eta partidak jarraitzen dituztenak. Covid-ik ez balitz egongo partida ikusteko elkartuko ziren seguruenez, baina aplikazio baten bidez jarraitu behar izan zuten partida.

 • Joan den denboraldian Bidasoa taldearen entrenamendu batzuetan parte hartu zenuen, baina Sanloko jubenil eta senior taldeekin lehiatu zinen. Taldeko kide zara orain? Zein da zure egoera?
Bai, joan den denboraldian astean behin entrenatzen nintzen Bidasoako talde nagusiarekin. Euskadin nabarmentzen diren jokalari gazteei ematen diete entrenamenduetan parte hartzeko aukera, eta halaxe aritu nintzen ni eskubaloiko beste promesa batzuekin batera. Dagoeneko horietatik hiruk egin dugu debuta talde nagusiarekin. Denboraldi honetan denboraldi-aurre guztia egin nuen talde nagusiarekin eta beraiekin entrenatuko naiz denboraldi honetan, baina bigarren taldearekin lehiatuko naiz, jokatzea komeni zaidalako aurreratzeko. Esan zidaten hori zela niretzako zuten plana. Baina, noizbehinka, lehen taldearen deialdietan sar naitekeela ere esan zidaten. Arazo bat dago ordea, ez dagoelako ziurtatuta bigarren taldeak lehiatzerik izango duen. Liga txapelketa etenda dago une honetan. Bigarren Nazional mailan dihardu, Alcorta Forging Group baino maila bat beherago.

2020 11 26 julen urruzola bidasoa irun jokalaria eskubaloia elgoibar posean 2020 11 26 julen urruzola bidasoa irun jokalaria eskubaloia elgoibar oinez

 

 • Nola hartu zaituzte taldean?
Oso ondo. Uneoro laguntzen saiatzen dira, dakitena erakusten, badakitelako gazteok oraindik ez dugula euren parean aritzeko mailarik. Entrenatzaileek ere tratu oso ona ematen digute. Badakite gazteak formatzea garrantzitsua dela. Prisarik sartu gabe, baina gogor eta etenik gabe entrenatzeko eskatu dit Jacobo Cuetara entrenatzaileak.

 • Eskubaloian dena irabazitakoa den Julen Aginagalde irundarra duzu taldekideetako bat, makina bat goi mailako taldetan ibili eta gero etxera itzuli baita aurten. Nolakoa da berarekin aldagela partekatzea?
Izugarria da Julen Aginagalderekin aldagela berean egotea. Ia ez sinistekoa, bere kirol ibilbidea jarraitu baitut txikitatik telebistaz. Munduko jokalari onenetarikoa izateaz gainera, giro ona sortzen du aldagelan eta gutxik edukiko dute berak beste esperientzia, dena irabazi baitu eta talderik handienetan egon baita. Talde oso on batera ailegatu naizela esan dit eta ahal dudan guztia ikasteko eta aukerak aprobetxatzeko. Eta pazientzia izateko; helduko dela nire momentua, gauzak ondo eginez gero, iritsiko direla aukerak.

 • Beragatik ezer txarrik ere ezin duzu esan, Julenen anaia Gurutz baita klubeko presidentea...
Bai halaxe da, baina ondo hartuko luke. Duela gutxira arte jokalari izan da eta erlazio oso ona dauka jokalariekin, haien egoera hobeto ulertzen baitu. Aginagalde anaiak erreferenteak dira Irunen. Ez naiz leku txarrera iritsi.

2020 11 26 julen urruzola bidasoa irun jokalaria eskubaloia elgoibar v1

 • 2,04 metrorekin taldeko jokalaririk garaienetarikoa zara, baina gaztea zara eta gorpuzkera egiteke daukazu oraindik. Gorputz lanketari dagokionez jarri al dizute helburu zehatzik?
Jokalari sendoagoa eta indartsuagoa izateko lanean ari gara, bai, kontaktu fisiko handiko kirola baita eskubaloia. Defentsa lanetarako gorpuzkera sendoagoa behar dut, aurkariak hobeto eusteko eta talkak hobeto agoantatzeko. Zenbat zehaztu ez didaten arren, kilo batzuek irabazi beharko nituzkeela esan didate. Kilo horiek, baina, giharrak garatu eta handituta hartu behar dira, gimnasioan pisuekin lan eginda. Bi astean behin neurtzen digute gorputzean dugun grasa maila, eta zenbat pisatzen dugun. Une honetan 92 kilo dauzkat.

 • Garaia izatea abantaila da eskubaloian?
Garaieragatik jokuan abantailaren bat ateraz gero, bai. Nire kasuan urrunetik jaurtiketak egiteko da abantaila altuera, defentsei gehiago kostatzen zaielako nire jaurtiketa oztopatzea, baina jaurtitzeko unean niganaino iritsi eta airean ukitzen banaute, errazago galtzen dut oreka ere, grabitate-zentroa gorago dudalako. Gorputz sendoago batekin errazago xurgatuko nituzke kolpeak.

 • Ze alde dago Alcorta Sanloko senior taldearekin jokatzetik Asobal Ligan jokatzera?
Azkarragoak eta indartsuagoak dira Asobaleko jokalariak. Sanlorekin jokatzen genuenean jokalari garaiak eta handiak ere izaten genituen aurkari, baina Asobal ligan azkarrak ere badira handiak edo altuak izateaz gainera. Potentzia handiagoa dute. Eta taktikoki aberatsagoa eta azkarragoa da jokua.

 • Nolako jokalaria zara?
Kanpotik jaurtitzeko erraztasuna daukat eta ondo moldatzen naiz. Defentsan beso-zabalera handia dudala da nire abantaila nagusia, espazioak tapatzeko eta aurkarien jaurtiketei traba egiteko. Erasoan errazago aritzen naizen arren, gero eta gehiago gustatzen zait defentsako lana, sakrifikatuagoa den arren.

 • Zertan daukazu hobetu beharra?
Fisikoan, lehen esan moduan, kilo batzuk hartu behar ditut. Eta erasoan konfiantza gehiagorekin jokatu behar dut, eta berdin jaurtiketetan. Taktika aldetik nahiko ondo moldatzen naizela uste dut, iazko denboraldian joan bainintzen barneratzen gauzak.

2020 11 26 julen urruzola bidasoa irun jokalaria eskubaloia elgoibar jaurtiketa2

 • Historia handiko taldea da C.D. Bidasoa. Aurten bete dira 25 urte Europako eskubaloi txapelketako titulua eskuratu zuela ere. Edozein kiroletan Europako Txapelketa irabazitako lehen euskal taldea izan zen. Igartzen al duzu?
Bai. Europako txapeldunak izan dira eta zaleek badakite talde garrantzitsua izan dela eta berriro izateko gogoa dutela gainera. Bidasoako bigarren taldeko entrenatzailea den Aitor Etxaburu ere garai haiek bizitakoa da,
historiako Bidasoa onenean pibote postuan jokatu zuelako. Berak trasmititu dizkigu garai haietako kontuak eta aldageletan irteten dira Bidasoan jokatutako jokalari mitikoen izenak, Perunicic, Kiseelev... batzuk ezagunak zaizkit, baina gehienak ez.

 • Urte txar batzuen ostean, berriro ere goi mailara itzuli da Irungo taldea, eta 1994-1995 denboraldiko historiako hasiera onenaren marka berdindu du Ligan, eta 9. jardunaldian iritsi zen lehen porrota.
Talde oso ona osatu dute aurten. Entrenamenduetan duten dena ematen dute jokalariek eta igarri egiten da gero partidetan. Fitxaketa oso onak egin dituzte gainera aurten, Julen Aginagalde bera edo Jose Manuel Sierra atezaina, bi aipatzeagatik.

 • Bartzelonari aurre egiteko moduan zaudetela uste duzu?
Ia hala den, baina zaila dago. Azken urteetan moduan, gainerako taldeak baino koska bat gorago jarraitzen du Bartzelonak. Hori bai, iaz Bidasoak erakutsi zuen estu har dezakeela Bartzelona. Artalekun partida bikaina jokatu zuten, lehen zatian batez ere.

 • Unai Arrieta elgoibartarra ere izan zen Bidasoako jokalaria. Izan duzu berarekin berba egiteko aukerarik?
Bai. Hain justu, Espainiako eskubaloi selekzioan kirol psikologo lanetan dabil, eta jubenil mailako selekzioaren azken bi deialdietan egon zen gurekin lanean. Debutagatik eta gola egiteagatik zoriondu ninduen. Europatik kanpo geratzea kolpe gogorra izan zen, urrunago iristeko aukera geneukalako, baina liga hasiera primerakoa izan da. Ia bigarren postu honi eusten diogun.

 • Nola ari da eragiten koronabirusa goi mailako eskubaloian?
Kontaktu handiko kirola izanda, birusa elkarri kutsatzeko arriskua handiagoa da, eta ia talde guztietan atzeman dituzte positiboak. Debuta egin nuen partidan, aurkari izan zen Nava taldean 17 kasu eduki zituzten kolpe batean, eta partida hartan Bidasoako bi jokalari kutsatu ziren. Dagoeneko bizpahiru etenaldi izan ditu Ligak Covidagatik. Partida bakoitza jokatu aurretik egiten dizkigute probak, serologikoak edo PCRak. Eta badaezpada bi astean behin egiten dizkigute probak.

2020 11 27 bidasoa irun aurredenb

∞Lotura duten albisteak: