Porrota eta berdinketa Sanloko talde nagusientzako

Barren.eus 2020ko aza. 25a, 13:21

Lehian diharduten Sanloko bi taldeek oso bestelako partidak jokatu zituzten joan den asteburuan. Senior emakumezkoen taldeak, Gaurvek, etxean jokatu zuen Gurpea Beti Onak talde nafarraren aurka, eta alde handiagatik galdu zuten partida, 13-27.

Atarrabiko taldearekin jokatu zuen Nahia Legorburu elgoibartarrak, Sanlok lagata jokatzen baitu Legorburuk talde nafarrean, eta hiru gol sartu zituen. Maddi Goñi izan zen Gaurveko goleatzaile nagusia, lau gol sartuta. Gaurve azkenaurreko postuan dago Zilarrezko Ohorezko Mailako sailkapenean, bi punturekin. Zapatuan aurkari izan zuten Beti Onak bigarren postuan dago sailkatuta, 14 punturekin. Hurrengo asteburuan Zaragozan jokatuko du Gaurvek, Schar Colores Zaragoza taldearen aurka. Azken postuan sailkatuta dago Zaragozako taldea, eta hortaz, sailkapeneko zulotik irteten hasteko partida garrantzitsua izango da bi taldeentzat. 

2020 11 21 sanlo gaurve I beti onak euskaraldia 1

 • Alcortak denboraldiko aurreneko puntua
Alcorta Forging Group gizonezkoen taldeak ere talde nafar bat izan zuen aurkari, baina Iruñean jokatu zuten Distriplac San Antonio taldearen aurka. Markagailuan atzetik joan ostean, azken minutuetan gerturatzea lortu zuten elgoibartarrek eta 24na berdindu zuten partida. Hala, ligako lehen puntua eskuratzeaz gainera, sailkapeneko azken postutik irtetea lortu du Alcortak. Orain arte ligan jokatu dituzten bost partidetatik lau galdu eta bat berdindu dituzte. Asier Urain izan zen taldeko goleatzaile nagusia, hamar gol sartuta.
 • Eskualdeko derbia, Olaizagan
Dena ondo bidean eta koronabirusak eragozten ez badu, Alcortak Hierros Servando Eibar eskubaloi taldearen aurka jokatuko du, zapatu honetan, azaroaren 28an, Olaizaga kiroldegian. Eskualdeko taldeen arteko derbia ateak itxita jokatuko dute, harmailak hutsik direla. Sanlok, baina, streaming bidez emango du partida, Youtuben duen kanaletik, 18:00etatik aurrera. Eibartarrak sailkapeneko lehen postuan daude, orain arte jokatutako zortzi partidetatik sei irabazi eta partida bana berdindu eta galdu eta gero.

2020 11 25 alcorta vs eibar iragarkia sanlo