Esteban Elorza aizkolari eta trontzalariaren erramintak eta sari bilduma Mendaroko herriari eman dizkiote bere ilobek

Barren.eus 2020ko aza. 16a, 18:41

Esteban Elorza “Kortaberri” zenak aizkoran eta trontzan erabili eta irabazitako erraminta eta sari bilduma dohantzan eman dizkiote Mendarori. Aizkolari eta trontzalari mendaroarraren ilobek egin dute dohaintza. 

Guztira trontza bat, lau aizkora, sega-poto bat, 24 kopa, bi plaka, hamahiru txapel, pitxer bat eta enmarkatutako argazki bat eman dizkiote Mendaroko herriari.

Esteban Elorza “Kortaberri” 16 urterekin aritu zen aurrenezkoz aizkoran jendaurrean, Zarautzen, eta harrezgero aizkora eta trontza proba garrantzitsuenetan parte hartu zuen hainbat plazetan. Ibilbide arrakastatsuaren ondorio, makina omenaldi jaso zituen, tartean jaioterrian jaso zuena 2011. urteko Kontzezio Azoka Egunean. Bi aldiz Euskal Herriko txapela irabazitako Esteban Elorza eta Agustin Larrañaga Agarretxiki trontzalari ohiak omendu zituzten Goñati pilotalekuan egindako herri kirol jaialdian. Elorza joan den apirilaren 18an zendu zen, 82 urte zituela.
Udalak aizkolariaren ilobei eskerrak eman dizkie dohaintzan emandako jabetzagatik eta jakinarazi dute Esteban Elorzaren oroimena Mendaroko herriak gogoan izan dezan kudeatuko dituztela jasotakoak.

2020 11 16 esteban elorza kortaberri dohantza mendaro