Erabiltzaile profesional eta erdi profesionalek soilik erabili ahal izango dute Mendaroko padel pista

Barren.eus 2020ko aza. 11a, 15:15

Eusko Jaurlaritzak birusaren transmisioa eteteko neurriak gogortu ditu, eta indarrean daude azaroaren 7az geroztik. Mendaroko Udalak neurri murriztaile horietara moldatu ditu padel pistaren eta Azpilgoetako kultur etxearen erabilera.

Andoneikua parkean dagoen padel pista estalian lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean diharduten taldeen kirol-entrenamenduak eta lehiaketak bakarrik daude baimenduta une honetan. Mendaroko Udalak zehaztu duenez, profesionala edo erdi profesionala ez den federazio-lehiaketak etengo dituzte, eta pista erabili nahi dutenek horretarako baimena dutela ziurtatu beharko dute. "Erdi profesionaltzat jotzen dira egutegi ofizialeko Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan eta Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak, guztiak kategoria absolutuan. Barne hartzen dira kategoria absolutuko maila goreneko kirol lehiaketak", azaldu dute.

 • Taldeko kirola eta bestelako jarduerak etenda
Azpilgoeta kultur etxearen erabilera ere mugatu behar izan du Udalak. Taldeko edozein kirol-jarduera eten dute Eusko Jaurlaritzaren aginduak jarraituz, eta bertan behera geratuko dira musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektiboak.

∞Lotura duten albisteak