Juan Cruz Sol elgoibartarra hil da, Valentzia eta Real Madril taldeetan aritutako futbol jokalari ohia

Barren.eus 2020ko aza. 10a, 14:51

Juan Cruz Solek  17 urte bakarrik zituenean egin zuen debuta Valentzia futbol taldearekin, Lehen Mailan. Hamaika urte egin zituen Valentzian eta handik Real Madrilera joan zen. Lau denboraldi egin zituen Madrilen eta berriro itzuli zen Valentziara, 33 urterekin erretiratu zen arte. Valentzian mitotzat daukate eta han hil da gaur, 73 urte zituela.

 Mestalla futbol zelaiko jarraitzaileen artean oso ezaguna da Juan Cruz Sol, futbolari izateari laga eta gero Valentzia taldeari lotuta jarraitu baitzuen urte askoan. Taldeko delegatua izan zen makina bat urtean, eta 2013az geroztik Valentziako administrazio-kontseiluko kidea zen eta erakundearen harremanetaz arduratzen zen. Kargu horiez gainera, Valentzia taldearen enbaxadore modukoa izan da azken urteetan.
Juan Cruz Sol 1947an jaio zen Elgoibarren eta herriko taldean hasi zen futbolean jokatzen. Artean jubenila zela fitxatu zuen Valentzia taldeak, 16 urterekin. Lehen Mailan 17 urterekin egin zuen debuta, eta lehen etapa batean 11 urte egin zituen Turiako taldean, 1965etik 1975era bitartean. Lorpen handiak eskuratu zituen, besteak beste, Liga txapelketa bat (1970-1971) eta Errege Kopa bat (1966-1967) irabazi zituen. Real Madrilek fitxatu zuen orduan. Santiago Bernabeu presidenteak 30 milioi peseta ordaindu zituen 27 urteko defentsa fitxatzeko, ordura arte inoiz egindako fitxaketarik garestiena. Solek lau denboraldi egin zituen talde zurian, 1975etik 1979ra. Madriden Ligako hiru titulu eskuratu ostean, Valentziara itzuli zen berriro, bere futbolari ibilbideko azken bi denboraldiak jokatzera. Horiek ere emankorrak izan ziren, Europako Superkopa bat eta Europako Futbol Errekopa irabazi baitzituen Alfredo Di Stefano entreatzaile zela, nahiz eta belauneko lesio baten ondorioz Solek ezin izan zion taldeari nahi beste lagundu.

Valentziarekin irabazitako tituluez gainera, hango zaleen bihotza irabaztea lortu zuen Solek, eta Mestallan jokatu duen klase handieneko defentsatzat daukate.

Espainiako selekzioarekin 28 partidu jokatu zituen eta gol bat sartu zuen, Greziaren aurka 1974. urteko Munduko Txapelketako sailkapen partida batean. Espainiarekin Herbeheretako futbol selekzioaren aurka jokatutako partida bat aipatzen zuen Solek bere oroitzapen onenez galde egiten ziotenean, Espainiako selekzioko kapitaina izan baitzen bera eta Johan Cruyff Herbeheretakoa.

Chelsea futbol talde ingelesarentzat ere lan egin zuen Solek 2006tik aurrera. Londoneko taldeak Espainian zuen ordezkaria izan zen, eta bere lana 15-16 urteko jokalari gazteak ikusi eta harribitxiak beste inork baino lehen aurkitzea.

Valentziak omenaldi bat egin zion joan den asteburuan Juan Cruz Soli, Valentziak eta Real Madrilek elkarren aurka jokatu baitzuten Mestalla futbol zelaian. Solen irudi handi bat zintzilikatu zuten futbol zelaiko kanpoaldean. Juan Solen momenturik onenekin osatutako bideo bat ere osatu du Valentzia futbol taldeak eta valenciacf.com webgunean ipini dute. Era berean, Sol ezagutu zuten taldeko jokalari ohien lekukotzak ere batu dituzte. C.D. Elgoibarrek ere zabaldu du dolumin mezua: "C.D. Elgoibartik Juan Cruz Sol elgoibartarraren hriotzak eragindako minarekin bat egiten dugu. C.D. Elgoibarren hasi zuen bere kirol ibilbidea, Real Madrileko, Valentziako eta Espainiako futbol selekzioko jokalari ohiak. Gure doluminak senide eta lagunei. Goian Bego", idatzi dute.

2020 11 10 juan cruz sol en mestalla foto valencia cf

2020 11 10 juan sol futbolaria valentzia argzaharra