Maila nazionalean lehiatzen diren Sanloko taldeek bakarrik jarraituko dute entrenamenduekin eta lehiarekin

Barren.eus 2020ko aza. 9a, 17:55

Sanlo eskubaloi taldeak komunikatu bidez jakinarazi du talde guztien entrenamenduak eta lehiaketak bertan behera laga dituztela. Maila nazionalean diharduten taldeek, Gaurvek eta Alcortak, bakarrik jarraituko dute entrenatzen eta lehiatzen.

Sanlok jakinarazi du abisu berria eman arteko iraupena izango duela erabaki honek.
Gaurvek, senior emakumezkoen taldeak, Bilboko San Adrian taldearen aurka jokatu behar zuen zortzigarren jardunaldiko neurketa, zapatuan, Olaizagan, baina Sanlotik jakinarazi dutenez, airean dago partida hori eta atzeratu egingo dute ziurrenik. Halaxe eskatu baitu talde bizkaitarrak, taldekide batek positibo eman baitu. Azkenengo jardunaldian Ermuan jokatu zuen Gaurvek, Lauko Errotaberri taldearen aurka, eta 20-16 galdu zuten. Une honetan Zilarrezko Ohorezko mailako sailkapeneko 12. postuan dago Gaurve, jokatutako sei partidatik bakarra irabazi eta bost galdu eta gero.
 • Alcortaren partida streaming bidez
Alcorta Forging Group, senior gizonezkoen talde nagusiak Ereintza taldearen aurka jokatuko du Ligako partida, zapatu honetan, Olaizaga kiroldegian. Ateak itxita, ikuslerik gabe, jokatuko da 18:00etan hasiko den partida. Sanlok, baina, bere Youtubeko kanaletik emango du neurketa.