Udal Kirol Patronatuko instalazioen erreserba on-line ere egin ahal izango da

Barren.eus 2020ko aza. 3a, 12:55

Eguazten honetatik aurrera on-line ere egin ahal izango dira Elgoibarko Udal Kirol Patronatuko instalazioak erabiltzeko erreserbak. Era berean, 12 puntuko arautegi bat prestatu du kirol patronatuak.

Elgoibarko Udalaren web orrialdean bi banner ipiniko dituzte, eguaztenetik aurrera, Udal Kirol Patronatutako instalazioak on-line erreserbatu ahal izateko. Erabiltzaileek "erraz" eta "azkar" egin ahal izango dutela erreserba azaldu dute patronatuko arduradunek. Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-krisi honen testuinguruan, erabiltzaileekin dituzten harremanak erraztea eta elgoibartar guztiei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea dela euren helburua gaineratu dute.

Udal Kirol Patronatuak 12 puntuko arautegi bat kaleratu du, eta erabilera araudi hau eta segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu die herritarrei. Araudi honez gain, ohiko neurriak bete beharko direla gogorarazi dute: eskuak maiz garbitu, segurtasun distantzia mantendu eta maskara uneoro erabili beharko da, jarduera fisikoa egiterakoan izan ezik. Hauxe da araudia:

  1. Erreserba plataforma hau Patronatuko bazkideek soilik erabili ahal izango dute. Bazkide ez direnek harreran edo telefonoz egin dezakete erreserba.
  2. Igerilekura, Mintxetako muskulazio eta kardio geletara, rokodromora, squashera, frontoi txikira, igerilekuetara eta Olaizaga kiroldegiko muskulazio gelara joateko, aurrez egin behar da erreserba.
  3. Erreserba on-line egin daiteke www.elgoibar.eus helbidean.
  4. Gehienez bi egun lehenago egin daiteke erreserba.
  5. On line bidez, aukeratutako erabilera ordua baino 2 ordu lehenagora arte egin daiteke erreserba. Telefonoz eta Harreran, tokia egonez gero, erabilera ordura arte ere egin daiteke erreserba.
  6. Erreserbatutako ordua ez bada erabiltzen eta aurrez gutxienez 2 ordu lehenago ez bada baliogabetu, hurrengo 15 egunetan ezingo da beste erreserbarik egin.
  7. Erabiltzaileek e-posta helbidea eman behar dute erreserba baieztapena jasotzeko. Sarrerako ontzian ez bada jasotzen, Spamean begiratzeko eskatu dute.
  8. Erreserbak baztertzeko, jasoko duten baieztapen e-postatik egin daiteke.
  9. Olaizaga kiroldegian edo Mintxetan sartzeko, harreran egiaztatu beharko da erreserba. Harrerako langileek adieraziko diete ze aldagela erabili dezaketen, dagokien instalazioan noiz sar daitezkeen, e.a.
  10. Igerilekuko, squasheko eta frontoi txikiko erabilerak ordu batekoak izango dira eta muskulazio gelakoak, kardio gelakoa eta rokodromokoa ordu bat eta 15 minutukoa. Beste 15 minutu izango dira aldagela erabiltzeko.
  11. Edukierak: igerileku handia (12 pertsona. Kale bakoitzean 3 pertsona.), igerileku txikia (8 pertsona edo bi familia), rokodromoa eta Olaizagako muskulazio gela (6 pertsona), squash eta frontoia (2 pertsona), Mintxetako muskulazio gela (10 pertsona) eta Mintxetako kardio gela (10 pertsona).
  12. Aldagelak erabili ahal izango dira bakoitzari dagokion edukiera errespetatuz. Atean adierazita egongo da aldagelaren edukiera. Aforoa beteta balego, itxaron egin beharko da aldagela erabiltzeko.