37 bikotek hartu zuten parte Debabarreneko estreinako raid-ean

Barren.eus 2015ko ira. 28a, 20:25

Debabarreneko lehen raidean parte hartu zuten 74 lagunek Karakate eta Irukurutzeta arteko paisaiak, Saturixoko arroilak eta Elgoibarko beste hainbat txoko ezagutzeko aukera izan zuten 52 kilometroko ibilbidean. Ez zuten, baina, ikusmiran ibiltzeko asti gehiegirik izan, kirol-probaz betetako raida prestatu zuten-eta antolatzaileek.

 Herriko lagun talde batek antolatu du Debabarreneko estreinako raid proba, Morkaiko mendizale elkartearen babesean eta Elgoibarko Udalaren eta herriko beste hainbat eragileren laguntzarekin. 37 bikote aurkeztu ziren zapatuan Kalegoen plazako irteera puntura, tartean bederatzi elgoibartar eta bi mendaroar. Antolakuntzak hainbat kontrol leku jarri zituen ibilbidean zehar, eta bikoteek kontrolgune horietatik pasatu behar zuten, puntuak eskuratzeko. Ahalik eta puntu gehien lortu behar zituzten, zazpi orduko epe-mugaren barruan. Era berean, probak bost atal zituen, eta partaideek hainbat kirol-proba egin behar zituzten. Tarte batzuetan mendiko bizikletaz eta beste batzuetan oinez ibili ziren. Proba bereziagoak ere jokatu zituzten, besteak beste, Saturixo errekan egin zuten arroila-jaitsiera edo Nahaste Borraste proban egin ohi duten moduan areaz betetako zakuak bizkarrean hartuta ibili ziren erdiguneko kaleetan barrena. Bolo jaurtiketan ere aritu ziren Azkueko eta Sallonenteko bolatokietan.

Probetako emaitzak eta lortutako puntu guztiak batu ostean, Aitor Otamendi oñatiarrak eta Gaizka Agirre artearrak osatzen duten El Val Fosca izeneko taldeak lortu zuen lehen postua. Maila honetan hirugarren postuan sailkatu zen Arkaitz Irureta eta Joseba Elustondo elgoibartarrek osatutako taldea. Emakumez osatutako bikoteen artean Ainhoa del Campo eta Silvia Irastorza sopelarrak gailendu ziren. Bikote mistoen sailkapenean, azkenik, Beñat Doyharzabal eta Maitane Garmendia (Aralar Kirolak taldea) nagusitu ziren.

• Balorazioa

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gustura daude lehen esperientzia honekin, eta lan handia izan den arren, bigarrengoa antolatzeko gogoz daude. "Ibilbide gogor xamarra antolatu genuela esan digute zenbait parte hartzailek, eta bidea galduta ibili direnentzat are gogorragoa izan da gainera. Beti daude hobetu daitezkeen  detailetxoak, baina gustura geratu gara orokorrean", azaldu du Jabi Guallarrek. Parte hartzaileen kopurua uste zutena baino apalagoa izan dela ere aitortu du. "50 bat bikote inguru espero genituen, baina 37 izan ziren azkenean. Elgoibarko kirolariek raid bat zer den probatzea ere bazen gure asmoa eta alde horretatik pozik gaude, bederatzi herritarrek parte hartu zuten-eta". 

 2015 09 26 debabarrena raid irukurutzeta12015 09 26 debabarrena raid1

2015 09 26 debabarrena raid2

2015 09 26 debabarrena raid irukurutzeta

2015 09 26 debabarrena raid irukurutzeta2

2015 09 26 debabarrena raid mapagaz

2015 09 26 debabarrena raid mapagaz2

2015 09 26 debabarrena raid mapagaz3

2015 09 26 debabarrena raid mapagaz4

2015 09 26 debabarrena raid mapagaz5

2015 09 26 debabarrena raid mb