Eman ezin izan diren zerbitzuengatik dagokion abonamendu zatia itzuliko die Udal Kirol Patronatuak erabiltzaileei

Barren.eus 2020ko urr. 27a, 14:37

Covid19-aren eraginez itxita egondako egunei dagokion abonamendu zatia 2021eko urtarrilean itzuliko dietela erabiltzaileei aurreratu du Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak. Kontuan izan dituzte instalazio guztiak erabat itxita egon diren egunak (86 egun), eta instalazioak partzialki zabalik egon direnak (112 egun).

Joan den eguaztenean, urriaren 21ean, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuaren Zuzendaritza Batzordeak erabaki zuen zein sistema baliatuko duen Patronatuaren abonamenduak, urte hasieran kobratu zirenak, partzialki itzultzeko; izan ere, martxoaren 14ko alarma egoerarekin dekretatu zen instalazioen itxieraren ondorioz, abonatuek ezin izan zuten hainbat hilabetetan Patronatuaren zerbitzuez gozatu.

Instalazio guztiak ez dira, berriro ere, sasoi berean ireki, Mintxeta kirol gunea ekainean ireki bitzuten, eta Olaizaga kiroldegia, berriz, irailean. Itzulketa egiteko sistemaz gain, Zuzendaritza Batzordeak dagoeneko erabaki du abonamendu bakoitzagatik itzuli beharrekoa. Azaldu dutenez, ezin izan dute urrira arte kalkulatu, Olaizaga kiroldegiko igerilekuak irailaren 28an zabaldu zituztelako berriro. Patronatuak kirol kudeaketaren arloan eskarmentudun abokatu entzutetsu bati txosten juridiko bat egin dezala eskatu dio; eta txosten hori oinarri hartuta, zehaztu ditu bai itzulketak egiteko sistema, bai itzuli beharreko zenbatekoak. Horretarako, kontuan izan dituzte, alde batetik, instalazio guztiak erabat itxita egon diren egunak (86 egun), eta bestetik, instalazioak partzialki zabalik egon direnak (112 egun). "Oinarri horretatik abiatuta, abonamendu mota bakoitzak egun bakoitzeko duen balioa, instalazioak erabat itxita egon diren aldiak duen balioa eta instalazioak partzialki itxita egon diren aldiak duen balioa kalkulatu dira, eta horri jarraiki, 2020ko abonamenduaren prezioaren % 38,90 itzuli behar da", adierazi dute Kirol Patronatuko arduradunek.
 • Abonamenduen zatikako itzulketa 2021eko urtarrilean egingo dute.

  • 2021ean abonatu izaten jarraitu nahi dutenei, hau da, 2021ean abonamendua berrituko duten guztiei, 2020an eskaini ez diren zerbitzuei dagokien zenbatekoa deskontatuko diete 2021eko abonamendua kobratzen den unean.
  • 2021ean abonatu izaten jarraitzeko asmorik eZ duten guztiek horren berri eman beharko dute olaizagaharrera@hotmail.com helbidean, urriaren 15etik urtarrilaren 15era bitartean; eta agiri bat bete beharko dute, datuak eman eta dagokion zenbatekoa itzuli ahal izateko.

∞Lotura duten albisteak: