Kirol ikastaro guztiak eten ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak baina zabalik mantenduko ditu banaka erabiltzeko instalazioak

Barren.eus 2020ko urr. 26a, 12:01

Gaurtik aurrera, eta abisu berria eman arte, ez da zumba, pilates, Gap, spinning, K-Stretch, Yoga edota Elgoibar Sasoian programako saiorik izango.

Eusko Jaurlaritzak Covid kutsatzeen gorakada geldiarazteko neurri berriak eman ditu ezagutzera. Birusaren egoera epidemiologikoa larriagoa den guneetan, Elgoibarren kasu, neurri murriztaileagoak ezarri dira. Irizpide berri horiek kontuan izanda, kirol ikastaro guztiak etetea erabaki du Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak. Hortaz, gaurtik aurrera, eta abisu berria eman arte, ez da zumba, pilates, Gap, spinning, K-Stretch, Yoga edota Elgoibar Sasoian programako saiorik izango. Elkarteek ematen dituzten ikastaroak ere (dantza, karate eta boxeoa kasu) bertan behera geratuko dira. Koronabirusaren zabalpenaren berri ematen duten datuak "kezkagarriak" direla eta hartu dituztela erabakiok adierazi dute kirol patronatuko arduradunek eta arduraz eta elkartasunez jokatzeko eskatu diete herritarrei. 

 • Irekita dagoena
Banaka erabiltzeko kirol instalazioak, berriz, irekita egongo dira. Igerilekua orain arte bezala erabili ahal izango da, ohiko sistemarekin (aurretiko hitzorduarekin), baita tenis eta padel pistak, squash eta frontoi txikia ere, hau da, erabilera indibidualeko jarduerak mantendu egiten dira. Aldiz, areto futbolerako kantxa edo futbol zelaia ezin izango dira alokatu. Lagun talde handiek alokatzen dituzten areto handiak alegia, itxita egongo dira.
Olaizagako zein Mintxetako muskulazio gelak zabalik mantenduko dituzte. Erabiltzaileek orain arteko sistema berdinarekin erabili ahal izango dituzte.