Debabarreneko lehen raid-a Elgoibarren egingo dute zapatuan

Barren.eus 2015ko ira. 25a, 11:12

Zapatu honetan, hilaren 26an, jokatuko da Debabarreneko estreinako raid proba, Elgoibarren. Kirol proba ezberdinak uztartzen dituen iraupen luzeko orientazio proba da raida, eta Elgoibarkoa Euskal Herriko ligako proba izango da. 40 bikote inguruk eman dute izena.

Herriko lagun talde batek antolatu du Debabarreneko estreinako raid proba, Morkaiko mendizale elkartearen babesean eta Elgoibarko Udalaren eta herriko beste hainbat eragileren laguntzarekin. Bihar, 10:00etan hasiko da, Kalegoen plazan, eta 17:00etan bukatuko da. Berez, 52 bat kilometroko ibilbidea prestatu dute, 2.500 metroko desnibelduna, baina fisikoki ondoen daudenek bakarrik osatuko dute bide osoa. 

Partaideek bikoteka parte hartu beharko dute, eta bikoteak emakumezkoenak, gizonezkoenak edo mistoak izan daitezke. Bikote bakoitzak zazpi ordu izango ditu gehienez proba amaitzeko. Antolakuntzak hainbat kontrol leku jarriko ditu ibilbidean zehar, eta bikoteek kontrolgune horietatik pasatu beharko dute, puntuak eskuratzeko. Ahalik eta puntu gehien lortzea izango da helburua, zazpi ordu horien barruan. Probak bost atal izango ditu, eta partaideek hainbat kirol-proba egin beharko dituzte. Tarte batzuetan mendiko bizikletaz eta beste batzuetan oinez bete beharko da proba. Erreka jaitsiera bat ere egongo da, eta beste abilezi eta orientazio proba berezi batzuk ere egin beharko dituzte partehartzaileek.