Janire Egaña: “Estatu Batuetako unibertsitate batean albaitaritza eta golfa uztartzea da nire ametsa”

Barren.eus 2020ko urr. 23a, 12:00

7 bat urterekin hasi zen Janire Egaña Vela (Elgoibar, 2003) golfean jokatzen. Aitari betidanik gustatu izan zaio, eta neba nagusia ere hasi zen jokatzen. Haiek ikustera joaten zen bera ere, eta azkenean familia guztia zaletu zen golfera. Janire txapelketetan ere aritzen da, eta horrez gain, golfak dituen baloreei buruzko hitzaldiak ere ematen ditu ikastetxeetan. Barruraino sartuta dauka golfaren arra, eta etorkizuna ere golfaren bidetik eraiki nahiko luke.

 

 • Noiz eta nola iritsi zinen golfera?
Nire aita hasi zen lehenengo golfean jokatzen, eta gero nire neba. Ni umetan igeriketan ibili nintzen, baina askotan joaten nintzen aita eta neba golfean jokatzen ikustera, eta azkenean nik ere probatzea erabaki nuen. 7-8 urte nituen, eta hasieran ez zitzaidan gustatu. Gerora hartu nion gustua, eta orain oso pozik nabil. Amak eta osabak ere jokatzen dute. Azkenean familia guztia gabiltza golfean.

 • Nola ikasi zenuen golfean?
Gasteizko Larrabea klubeko kide gara, eta han ikasi nuen. Nire egoera berean zeuden beste gazte batzuekin taldea osatu genuen eta entrenatzaile batekin hasi ginen astean behin eskolak jasotzen. Maila hobetu ahala, bakarkako klaseak jasotzen hasi nintzen. Orain astean hiru egunetan entrenatzen naiz, batzuetan Gasteizen eta beste batzuetan Andoainen. Azterketak ditudanean denbora gutxiago eskaintzen diot golfari, baina bestela, saiatzen naiz astean hiru egunetan entrenatzen. Jon Rahm golfista ezaguna ere gure klubeko kidea da eta han entrenatzen da. Horrez gain klubeko gazteei erakusten ibiltzen da, eta niri ere eman izan dizkit klaseak. Umetatik izan da niretzako erreferente. Ilusioa egiten du maila horretako jokalari bat zure ondoan entrenatzen ikusteak.

2020 10 23 golf elgoibar Janire Egaña barren sanroke2

 • Eta noiz hasi zinen txapelketetan?
Igeriketa utzi, eta golfari denbora gehiago eskaintzen hasi nintzen. Maila hobetu ahala hasi nintzen txapelketetan parte hartzen. 9 edo 10 urte izango nituen lehenengo aldiz leihatu nintzenean, eta dagoeneko irabazi izan ditut txapelketa batzuk, gehienak klubean bertan jokatutakoak. Aurten Alacanten jokatu dut Espainiako txapelketa, eta nire kategorian bigarren geratu naiz. Aurten 21 urte azpiko txapelketetan parte hartzen ari naiz. Gehienetan banakako txapelketetan hartzen dut parte, hobeto moldatzen naizelako bakarrik. Binakako txapelketak jokatzea gustatzen zait, baina presio handiegia nabaritzen dut txapelketa horietan. Binaka jokatu nahi izaten dudanean aitarekin edo nebarekin jokatzen dut.

 • Nola deskribituko zenuke golfa?
Kontzentrazio eta positibismo handia eskatzen duen kirola da, eta orain arte ezagutu ditudan kirolen artean zailena, nire ustez. Kirol psikologikoa da, eta burua horretan eduki behar da uneoro. Golfean jokatzen ari zaren bitartean, burua beste zerbaitetan baldin badaukazu, ez duzu ondo jokatuko. Ondo
pentsatu behar da pilota nora bidali nahi duzun, eta leku hori begiz jotzea garrantzitsua da, pilota hara botatzeko. Golf zelai osoa pasatzeko lau edo bost ordu behar izaten dira gutxienez, eta uneoro kontzentratuta egotea beharrezkoa da. Dena dela, lau ordutan gauza asko gertatu daitezke, eta posible da ondo hasi arren, gaizki amaitzea.

 • Zer ematen dizu golfean jokatzeak?
Azterketa garaian, esaterako, asko laguntzen dit golfean jokatzeak, estresa kentzeko. Ez nuke esango estresaren kontrako terapia denik, baina asko laguntzen dit kontzentrazioan. Golfean aritzen naizenean horretan bakarrik pentsatzen dut eta gainerako gauzetaz ahazteko balio dit. Hala ere, gaizki jokatzen dudanean estresatu egiten naiz, baina orokorrean balore asko irakatsi dizkit golfak. Oso ondo pasatzen dut, eta lagun asko egin ditut. Jendea oraindik harritu egiten da golfean jokatzen dudala esaten dudanean.

2020 10 23 golf elgoibar Janire Egaña barren sanroke 1

 • Zein balore transmititzen ditu golfak?
Zintzotasunean eta errespetuan oinarritzen da golfa. Txapelketa garrantzitsuetan egoten dira epaileak, baina bestela, epailerik gabe jokatzen dugu
eta norberaren zintzotasunean oinarritzen da jokoa. Guk kontatzen ditugu kolpeak eta tranpak egitea oso gaizki ikusita dago. Umetatik erakusten diguten lehenengo balorea da hori, zintzotasuna. Errespetu handiz jokatzen dugu. Ikastetxeetan ibili izan naiz gaztetxoei golfaren baloreak transmititzen. Jende askok uste duenaren kontra, balore oso garrantzitsuak ditu golfak.

 • Golfean ba al dago desberdintasunik gizonezkoen eta emakumezkoen artean?
Bai. Hasteko, gizonezko gehiagok jokatzen dute emakumezkoek baino. Bagabiltza batzuk, baina askoz gehiago dira gizonezkoak. Klubean bertan ere desberdintasunak daude, esaterako, emakumezkoen aldagelak txikiagoak dira. Jokoan bertan ere emakumezkoei zirkuito laburragoa jartzen digute. Profesionaletan sariak ere desberdinak dira emakume eta gizonentzat, baina gure mailan sariak parekatuta daude. Golfetik bizitzea oso zaila da, Espainian behintzat. Atzerrian diru gehiago irabazten da eta badaude golfista emakume profesionalak ere bai, baina gizonezkoen sailak diru gehiago mugitzen du, eta gehiago dira gizonezkoak.