Beñat Carvayedak irabazi du Mendaroko Javier Ezenarro Oroitzarrea, esprinean

Barren.eus 2020ko urr. 17a, 21:22

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako (Bazpi) Beñat Carvayeda Urruzolak irabazi du gaur Mendaroko Javier Ezenarro Oroitzarrea.

Bigarren egin duen Enekoitz Azparren Irutzunekin batera iritsi da helmuga jarria zuten azken aldapara eta esprinean gailendu da. Hirugarren Unai Cueva Etxeberriarteun sailkatu da. Taldeka, berriz, ULMA taldea nagusitu da. Gipuzkoako txapelketako proba izan da gaurkoa, eta Beñat Carvayeda berak jantzi du txapela.

 Berezia izan da aurtengo Javier Ezenarro oroitzarrea ere. COVID-19aren eraginez, lasteketa ez da herri barrura sartu eta irteera eta helmuga puntua Kurutz Gain industrialdean  jarri dute antolatzaileek, Mendaroko Txirrindulari Elkarteko lagunek. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak ezarritako protokoloa bete behar izan dute antolatzaileek. Irteera aurretik, tenperatura hartu diete txirrindulariei, bai eta haien taldekide zein zuzendariei, eta maskara jantzita ibili dira denak, lasterketa abiatu arte. 84 kilometroko ibilbidea zuten gaurko antolatuta, ohikoa ez dena. Izan ere, hor ere aldaketak egin behar izan dituzte. Mendarotik abiatu eta Osintxuraino joan dira txirrindulariak, eta handik bueltan, Mutrikuraino jaitsi eta Kalbarioko gaina igo dute aurrena. Handik Elgoibarrerako bidea hartu dute, eta Elgoibarren, Karkizanoko aldapan gora igota itzuli dira Mendarora, Sasiotatik gora berriz Kalbarioko gaina igotzeko. Bigarrenez, igo dute hirugarren mailako mendate hori eta handik helmuga etorri dira. 125 txirrindularik hartu dute parte lasterketan, eta tropelean izan da Beñat Fernandez Mendaroko txirrindulari gaztea ere. Elgoibarko Lagun Taldeko txirrindularia da Fernadez, eta 18. postuan sailkatu da gaur. Irabazlearengandik minutu bat eta 50 bat segundura sartu da helmugan txirrindulari mendaroarra.

2020 10 20 Javier Ezenarro Oroitzarrea Gipuzkoako txapelduna

2020 10 19 Javier Ezenarro oroitzarrea irabazleak

2020 10 19 Mendaro Javier Ezenarro oroitzarrea tropela

2020 10 19 Javier Ezenarro COVID