Julen Urruzolak Asobal Ligan debuta egin du Bidasoarekin

Barren.eus 2020ko urr. 8a, 10:41

Bidasoa eskubaloi taldeak 28-21 irabazi zion Nava taldeari aurreko domekan, Artalekun, Asobal Ligako laugarren jardunaldiko neurketan. Irungo taldearentzat partida bat gehiago zena betirako gogoan iltzatuta geratuko zaio Julen Urruzola Pagazartundua (Elgoibar, 2002) jokalari gazteari, Asobal Ligan debuta egin baitzuen, eta gol bat ere sartu zuen.

Urruzolak 2019-2020 denboraldi hasieran jaso zuen C.D. Bidasoaren deia, 17 urte zituenean. Denboraldi horretan Bidasoaren hainbat entrenamendu saiotan hartu zuen parte, beste gazte batzuekin batera, baina Sanloko senior eta jubenil taldeekin lehiatu zen. Irungo taldeak Olaizaga kiroldegian jokatu zuen XVII. San Bartolome Eskubaloi Txapelketan elastiko horia jantzita ere jokatu zuen Urruzolak, 2019ko abuztuan. Denboraldi honetan CD Bidasoa talde nagusiko kide izateko aukera eman dio Bidasoa taldeko entrenatzaile Jacobo Cuetarak, eta Segoviako Nava taldearen aurkako partidan eman zion Urruzolari Asobal Ligan debuta egiteko aukera. Bere lehen gola ere sartu zuen, etxeko taldearen azkena (ikus hemen Urruzolaren gola). Nava taldearen aurka lortutako garaipenarekin hirugarren postuan jarraitzen du Bidasoak, 8 punturekin, Ademar Leon eta Bartzelonaren atzetik.
Urruzolak 2,04 metroko garaiera du, taldeko altuenetarikoa da, eta lehen lerroan jokatzen du. Ez da Bidasoan jokatu duen aurreneko elgoibartarra, Unai Arrieta jokalari ohiak ere jokatu baitzuen Irungo eskubaloi taldean, bi arotan gainera.

2020 10 04 julen urruzola bidaso irun gola

2020 10 08 julen urruzola cd bidasoa irun taldekideegaz

∞Lotura duten albisteak: