Mayi Mujikak irabazi du Aiarako Mendi Duatloia

Barren.eus 2020ko urr. 7a, 13:29

Aiarako Mendi Duatloia jokatu zuten urriaren 3an, Arespalditzan. 2020ko Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko hirugarren proba izan zen eta Mayi Mujikak aurreko bi lasterketetan (Beasainen eta Urduñan) lortutako bigarren postuak ondu zituen, garaipena eskuratuta.

Aiarako udalerriko herrietako bat eta hiriburua ere bada Arespalditza. Bertako Sanprudentzio jaietan jokatu behar zuten Aiarako Mendi Duatloia, baina pandemiaren ondorioz urriaren 3ra atzeratu zuten. Parte hartzea arrakastatsua izan zen, astebete lehenago kirolarien kopuruaren mugara heldu baitziren. 

Kirolariek sei kilometro korrika egin zituzten lehenik, 15 kilometro bizikletan gero eta kilometro eta erdi korrika amaieran. Ibilbide lokaztuan lehiatu ziren parte hartzaileak eta horri esker lortu zuela garaipena azaldu du Mujikak. "Nire ezaugarrietarako motzegiak eta biziegiak dira halako probak. Horregatik zenbat eta ibilbide teknikoagoa edo gogorragoa izan, hobe, eta oraingoan lokatzetan ibili beharrak eman zidan abantaila", esan du.
Mujika Bizkor Bizikletak etxearen babesarekin arituko da aurten Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituan. Zazpi proba barne hartuko ditu aurtengo txapelketak, dena ondo bidean, eta denetan lehiatzeko asmoa du. Izan ere, pandemia dela-eta, bertan behera geratu dira hainbat mendi lasterketa eta txapelketa. Euskal selekzioko kidea den Mujikak mendi lasterketen Munduko Kopan lehiatzeko asmoa zuen aurten, baina hori ere ez da jokatu. Eta Hiru Handiak proban lehiatzea ere aurreikusten zuen, baina 2021era atzeratu dute 22. Hiru Handiak mendi lasterketa. "Ziurgabetasuna da nagusi eta unean unean erabaki beharko dugu ze probetan parte har dezakegun. Dauden proba apurretan izena ematea ere garesti dago, berehala agortzen baitira mugatuta dauden plazak", azaldu du.

Aiaraldea.eus herri komunikabideak eginiko honako bideoan ikus dezakezue Aiarako Mendi Duatloiaren laburpena.

2020 10 03 Aiara Mendi Duatloia mayi mujika ospatzen tokikom 700x700

2020 10 03 Aiara Mendi Duatloia mayi mujika helmuga tokikom 700x700

2020 10 03 Aiara Mendi Duatloia mayi mujika podiuma