Garagardo festaren ostean, lehiarako ordua da orain Sanloko taldeentzat

Barren.eus 2015ko ira. 22a, 12:32

Domekan amaitu zen Sanlok antolatu duen hirugarren SanloBeerFest garagardo festa. Azokak iraun duen lau egunetan “giro ezin hobea” izan dutela karpan nabarmendu dute kirol-taldeko arduradunek. Orain, festa atzean laga eta Liga txapelketari ekingo diote Sanloko taldeek. Estatu mailan diharduten senior mailako taldeek eta Euskal Ligakoek Olaizagan jokatuko dituzte estreinako partidak, datorren asteburuan. 

SanloBeerFest garagardo festaren balorazio ona egin du Sanlo eskubaloi kirol taldeak. Taldeko arduradunek jakinarazi dutenez, jende asko batu da aurten estreinakoz plaza txikian jarri duten karpara, eta karpa barruko giroa “ezin hobea” izan da. Ez da jan edanik falta izan. Oraindik ez dute kalkulatu zenbat garagardo litro saldu dituzten, baina garagardo arrakastatsuenak Maes, Paulaner (gariaz eginikoa) eta Affligem motakoak izan direla jakinarazi dute. Jatekoari dagokionez, saltxitxek izan dute eskaera handiena, baina oilaskoa ere ondo saldu dutela gaineratu dute. “Larunbatean oilasko gabe geratu ginen eta berriz eskatu behar izan genituen domekarako”, azaldu dute. Era berean, barixaku eta zapatuko jatorduetan 380 lagunentzako jantokia txiki geratu zitzaien. Domekako paella janean 160 razio saldu zituzten. 

•Liga hasiera Olaizagan

Lehian hasiak zeuden Sanloko senior mailako bi taldeak, Lauko eta Alcorta, Euskadiko Kopa jokatzen ari baitira, baina asteburu honetan jokatuko dute Liga txapelketako aurreneko partida. Lauko taldeak San Adrian taldea hartuko du etxean, zapatuan (irailak 26), 17:45etik aurrera Olaizaga kiroldegian jokatuko den partidan. Emakumezkoen partida amaitu ostean jokatuko da gizonezkoena, 19:30ean. Alcorta Forging Groupek Beti-Onak talde nafarraren aurka jokatuko du 1. Nazional Mailako estreinako partida. Bigarren jardunaldian Usurbilera joan beharko dute Alcortakoek eta zertxobait urrunxeago Laukokoek, Santa Cruz Teneriferaino, hain zuzen ere. Han, CB Salud Tenerife taldearen aurka jokatuko dute. Ez da denboraldi honetan Kanaria uharteetara egingo duten bidaia bakarra izango, Santa Cruz Tenerifeko bi talde daude-eta elgoibartarren multzoan

Emaitza onak Euskadiko Kopan

Laukok zein Alcortak aldarte onean hasiko dute Liga txapelketa, Euskadiko Kopan emaitza onak lortu berri dituzte-eta. Alcortak jokatutako hiru partidetatik bi irabazi eta bat galdu ostean, final-laurdenetarako sailkapena lortu du. Asobal ligara igotzeko lehian lehen postuan dagoen Irungo Bidasoa taldearen aurka jokatu beharko du. Partida bakarrera erabakiko da kanporaketa. Laukok, berriz, berdinketa bat eta garaipen bat eskuratu ditu lehen fasean, eta hurrengo fasea jokatzeko sailkatu dira. 

Euskal Liga ere abian

Euskal Liga jokatzen diharduten Sanloko taldeek (Tecnifuelle eta Pneumax) ere datorren asteburuan hasiko dute Liga txapelketa Elgoibarren. Kukullaga taldeko jubenil eta kadete mailako taldeen aurka jokatuko dute, hurrenez hurren. Kadete mailako norgehiagoka 10:00etan hasiko da Olaizaga kiroldegian, eta 11:30ean hasiko da jubenilen arteko lehia. 

SanloBeerFest festako zenbait argazki (argazki gehiago: sanlo.net)

2015 09 20 sanlobeerfest1

2015 09 20 sanlobeerfest

2015 09 20 sanlobeerfest a2an

2015 09 20 sanlobeerfest karpa