Rafael Segui txapeldunorde Gipuzkoako Arku Tiraketa Txapelketan

Barren.eus 2020ko ira. 30a, 11:50

Aire Libreko Gipuzkoako Arku Tiraketa Txapelketa jokatu zuten domekan, hilaren 27an, Hondarribian. Zarta arkulari taldeko kide Rafael Segui Alvarezek bigarren postua eskuratu zuen arku instintiboetan.

Gipuzkoako Arku-tiro Federazioak eta Azeri klubak antolatu zuten Gipuzkoako txapelketa, eta Hondarribiko San Telmo jaurtilekuan jokatu zuten domekan. Guztira 31 arkulari lehiatu ziren, bost arku modalitatetan: Arku Biribildua, Arku Konposatua, Arku Instintiboa, Long Bow eta Arku Biluzia. Rafael Segui arku instintiboarekin lehiatu zen eta sailkapen seriean 30 metrora zegoen dianara 72 gezi jaurti ostean, 461 puntu eskuratu zituen, eta kanporaketetarako sailkatzea lortu. Diarco taldeko Miguel Fernandezk lortu zuen puntu gehien sailkatze fasean, 547 puntu. Finalaurreko kanporaketan Mertxe Gascue kanporatu zuen Seguik eta eta Miguel Fernandez izan zuen aurkari finalean. Diarco taldeko jaurtilariak 6 eta 4 irabazi zion Zartakoari.

∞Lotura duten albisteak: