Olaizagako igerilekuak astelehenean zabalduko dituzte

Barren.eus 2020ko ira. 24a, 14:28

Olaizaga kiroldegiko aldagelak berritzeko lanak amaituta daudela jakinarazi du Udalak, eta, hortaz, dena prest dute igerilekuak irekitzeko. Astelehenean, irailaren 28an irekiko dituzte berriro igerilekuak.

Martxoaren 14an, Covid-19ak eragindako osasun krisiagatik kirol instalazio guztiak itxi behar izan zituen Udal Kirol Patronatuak. Ekainean berrireki ziren Mintxetakoak eta irailaren 14an Olaizaga kiroldegia ireki zen arren, igerilekuak itxita jarraitzen zuten, "kontutan hartu beharreko segurtasun eta osasun neurriak ez zutelako aholkatzen igerileku estalia irekitzea". Udalak itxiera hori aprobetxatu du eta denbora honetan igerilekuko aldagelak berritu ditu. Era honetan gainera, hurrengo urtean ez dituztela berriro itxi beharko jakinarazi dute. Izan ere, igerilekuak handitzeko egiten ari diren lanak direla-eta, datorren urtean hiru bat hilabetez itxi beharko zutela igerilekua aurreikusten zuten, aldageletan egin beharreko lanengatik. 

Guztira 80.000 euroko (BEZa barne) kostua izan dute aldageletan eginiko berrikuntza lanek. Udal Kirol Patronatuak jakinarazi duenez, egunero 700 bat elgoibartarrek erabiltzen zituzten aldagelok.

Igerilekuaren erabilera segurtasun eta prebentzio neurriei egokitu behar izan dutenez, honako hauek dira kontutan izan beharreko hainbat arau:

  • Aurretiko hitzordu sistema bitartez erreserbatu behar da erabilera ordua.
  • Gehienez 24 orduko aurrerapenarekin hartu daiteke erreserba, telefonoz (943 744 415), Olaizagako Harreran bertan eta on line (egun gutxi barru aktibatuko da www.elgoibar.eus web orriaren bitartez).
  • Salbuespen bezala, irekiera astelehenean egingo denez, erreserba larunbatean hartu ahal izango da. Hortik aurrera, gehienez 24 orduko aurrerapenarekin bakarrik.
  • Gehienez ordu bat egin ahal izango da igerian erreserba bakoitzean.
  • Erabiltzaile bakoitzak egunean erreserba bakarra egin ahal izango du.
  • Igerilekuko kale bakoitzean hiru erabiltzaile sartu ahalko dira une berean. Familia bereko kideek elkarrekin egin dezakete igerian kale berean. Igerileku txikian aldi berean lau pertsona edo familia bat sartu ahal izango dira.
  • Aldagelak eta dutxak erabili daitezke, bertako edukierak errespetatuz eta segurtasun distantzia mantenduz.
  • Harreran jakinaraziko diete erabiltzaileei erabili beharreko aldagelak.
  • Erreserba ordua baino 10 minutu lehenago sartu daiteke aldagelara. Igeri egin ostean, aldagela erabiltzeko 15 minutu izango dituzte erabiltzaileek.
  • Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da Kiroldegira sartzean eta irtetean eta baita aldageletan ere, dutxetan izan ezik.
  • Edukieraren murrizketa irauten duen bitartean, elgoibartarrek edo Patronatuko bazkideek bakarrik erabili ditzakete igerilekuak.
  • Oraingoz ez da ikastarorik eta igeriketa eskolarik antolatuko.

2020 09 24 2016 07 06 olaizaga kiroldegia elgoibar igerileku handia