Saskibaloi taldea izango du berriro ere Elgoibarrek

Barren.eus 2020ko ira. 23a, 14:53

Azken bi denboraldietan ez da saskibaloi talderik osatu Elgoibarren eta herriko zenbait jokalarik Debako taldean jokatu dute. Aurten, baina, berriro taldea osatzea erabaki dute. Modelberri Elgoibar izenarekin lehiatuko dira Gipuzkoako Hirugarren Mailan, orain bi urte baino bi maila beherago.

"Erretiroa gertu daukagu batzuek, urte mordoa baidaramatzagu saskibaloian jokatzen, baina honakoa gure azken dantza izatea gustatuko litzaiguke", azaldu du Carlos Lahozek Michael Jordani buruzko dokumental entzutetsuari erreferentzia eginez. "Eta, garrantzitsuagoa dena, talde egitura sendo bat laga nahi diegu ondorengoei, Elgoibarrek merezi baitu saskibaloi talde bat edukitzea datozen urteetan ere. Hori izango da gure erronka", gaineratu du. 

Bederatzi jokalari ditu taldeak momentuz, eta sei fitxa dituzte libre. "Adinean aurrera goaz, eta odol gaztea behar dugu. Horregatik zabalik daude gure ateak”. Martitzenetan eta eguenetan egiten dituzte entrenamenduak Olaizaga kiroldegian, 20:30ean hasita. Taldera batzeko interesa dutenek entrenamenduetara agertzearekin nahikoa dela esan du Lahozek edo honako telefono zenbakira deituta: 618 259 339.
 • Liga hasiera
Pandemiaren ondorioz, oraindik ez dakite ziur noiz hasiko duten denboraldia. Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak irailaren 27rako deitu duen bileran erabakiko dute. "Gipuzkoako lehen eta bigarren mailako txapelketak urriaren 4an dira hastekoak, baina hirugarren mailakoak noiz hasiko garen ez dakigu", dio elgoibartarrak. Hogei talde lehiatuko dira maila horretan. Duela bi denboraldi Gipuzkoako Lehen Mailan lehiatu zen Elgoibarko Viento Sur taldea, eta mailari eusteko kanporaketa irabazita, aho zapore onarekin, eman zioten amaiera denboraldiari. Denboraldi amaieran taldeari eusteko arazoak zituztela ikusita, taldea desegitea erabaki zuten, eta jokatzen jarraitu nahi zuten laupabost jokalari Debako saskibaloi taldera joan ziren. Han aritu dira harrezgero, eta euren ekimenez atera dute taldea berriro. Era berean, Debako taldeko behe mailako taldeetan jokatzen ari dira zenbait gazte elgoibartar.

2020 09 23 2018 05 24 viento sur elgoibar

2020 09 23 Saskibaloia elgoibar 2018 vientosur 3

∞Lotura duten albisteak: