“Immunitate-sistema indartzeko eta birusari aurre egiteko ere ona da kirola”

Barren.eus 2020ko ira. 18a, 09:59

Irailaren 1ean zabaldu zuten Mendaron Goñati Udal gimnasioa. Kanpo-enpresa batek kudeatuko du gimnasioa, Debako Abilion enpresak, eta enpresako gerentearekin, Jon Peñagarikanorekin, eta Mendaroko gimnasioaren ardura-zuzena izango duen profesionalarekin batu gara, Yuri Egañarekin. Gimnasioan bi monitore izango dira txandaka, Yuri bera eta Leire Olazabal, eta astelehenetik zapatura zabalduko dute.

2020 09 18 goñati udal gimnasioa mendaro jonpena yuriegana 

 • Aspaldiko proiektua gauzatu da, baina garai berezian dator. Nola erantzun dute herritarrek lehenengo egunotan?
Yuri: Egoera berezian hasi dugu ibilbidea, baina jendeak ilusioz hartu du proiektua eta erantzuna oso ona izan da. 14 urtez gorakoentzako eskaintza sortzea izan dugu hasieratik helburu eta horretarako, saio bereziak sortu ditugu gazteentzat, eta beste saio batzuk, adinekoentzat. Adinean goragokoekin bi talde sortu ditugu dagoeneko. Gazteak oporretan daude iraila erdi aldera arte, eta uste dugu egunerokoa antolatutakoan hasiko direla etortzen. Saio gidatu bakoitzean gehienez sei-zazpi lagun hartu ditzakegu hemen, espazio eta aforo kontuengatik. Gimnasioak honako ordutegia izango du: astebarruan 9:00etatik 12:00etara goizez, eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldez, eta zapatuetan, goizez: 9:00etatik 12:00etara

 • Zeuk esan duzu. Egoera berezia bizi dugu. Kirola espazio itxian egiten da hemen. Kezkarik agertu du jendeak?
Jon: Ez dakit kezka duten ala ez, baina nik esango niekena da kirola osasuna dela, gure immunitate-sistema indartzen duela eta birus honi eta gainerako beste gaitzei aurre egiteko ere garrantzitsua dela immunitate-sistema sendo izatea. Ezin dugula geldi egon alegia, eta nahiz eta orain traba gehiago izan, aurrera egin behar dugula.

2020 09 18 goñati udal gimnasioa mendaro 2

 • Hogei bat makina zenbatu ditugu. Zertarako makinak dira?
Jon: Batetik, indar makinak dauzkagu eta bestetik, kardioa lantzeko makinak. Bigarrenen artean, spinningeko bizikletak dauzkagu. Spinning klase birtualak eskainiko ditugu, telebista bidezko klaseak dira. Kataluniako enpresa batek sortu ditu klaseak, euskaraz eta gaztelaniaz, eta bizikleta guztiak sistema horri konektatuta daude elektrikoki eta bestela, nork bere aurikularrak jantzita irakaslearen argibideak jarraitzeko. Spinning birtualerako, tonifikazio zirkuituetarako, abdominal expresak egiteko eta gainerako saio gidatuetarako ordua eskatu behar da.
Yuri: Gimnasio txikia da hau eta horrek aukera ematen digu hona datorren jendearen gainean egoteko. Gimnasio publiko askotan ez dago horretarako aukerarik, eta nik esango nuke hori dela guk eskaintzen dugun balio erantsia. Bi monitore izango gara hemen. Txandaka lan egingo dugu eta jendeari laguntzeko eta aholkuak emateko gertu egongo gara uneoro. Oraintxe, adinekoen saioa hasi aurretxoan, etorri da 60 bat urteko gizon bat, zeri ekin ez zekiela. Ikusi du hemen dagoena, gomendio batzuk eman dizkiogu eta adinekoen talderako eman du izena.

 • Gimnasioaren erabiltzaile izateko bazkide egin behar al da?
Jon: Bai. Bazkidetza-sistema bat daukagu. Behin bazkide denak edozer gauza egiteko aukera izango du hemen. Urteko bazkidetza egin nahi duenak, hilean 30 euro ordaindu behar ditu, eta horren barruan, doan jasoko du lehenengo entrenamendu plangintza bat. Deskontuak ere baditugu, adinaren arabera aplikatzekoak. 14-16 urte artekoek, esaterako, hilean 16 euro ordaindu beharko dituzte, baina ordutegi mugatua izango dute: 17:00etatik 18:00etara. Urteko bazkidetza egiten duten 17-22 urte artekoek eta 65 urtez gorakoek bost euroko deskontua izango dute hileroko kuotan. Egun bakarreko bazkidetza egiteko aukera ere eman dugu, 5 euroan.

 • Adingabeek ere gimnasiorako sarrera izango dute hortaz. Ez da beharbada ohikoena, ala?
Jon: Ez, ez da.14-16 urtekoak ere etorri ahal izango dira gurera, baina 17:00etatik 18:00etarako tartean, eta monitorearen begiradapean jardungo dira beti. Kardio ariketak, pisu gutxiko
ariketak... egin ahal izango dituzte, baina beti begiraleak gidatuta. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun adin tarte horretakoei ere lekua egitea. Normalean, 14 bat urterekin jendeak kirola egiteari uzten dio. Eskola-kiroletik kanpo gelditzen dira, linbo batean, eta kirolerako ohitura ere gal dezakete.

 • Egongo da gimnasiora gerturatzeak halako erreparo antzeko bat ematen dionik Mendaron ere Zer esango zeniekete horiei?
Jon: Batez ere adinekoak izaten dira duda gehien izaten dituztenak. Erreparoa ematen die makinak ikusteak, ez daudelako indarra lantzera ohituta. Indarra lantzea, baina, oso garrantzitsua da, batez ere gorputza tente mantentzeko, metabolismoa osasuntsu mantentzeko, eta osteoporosia eta halakoak saihesteko. Hezur masa galtzea eragiten du osteoporosiak eta ondorioz, hezur egitura hondatzearen ondorioz, hezurrak errazago hausten dira. Eta gauza jakina da ariketa fisikoa egitea lagungarri dela osteoporosia prebenitzeko. Halako kezka antzeko batekin gerturatzen diren beste batzuk pisua galtzeko gogoa dutenak dira. Horiei esango nieke kardio-ariketak eginda bakarrik zaila dela argaltzea eta forman jartzea. Hartzeko hori kontuan.

2020 09 18 goñati udal gimnasioa mendaro 1

 • Beste herri batzuetan bezala hemen ere sortu zen korrika elkarrekin egiteko emakume talde bat. Arrazoi askotarikoak eman zituzten batzeko. Askok bakarka kalera kirola egitera irteteko lotsa aipatu zuten. Genero ikuspegitik irakurketaren bat egin duzue zuek?
Jon: Hasiera batean gure taldeak mistoak dira. Deban ere lan egiten dugu eta egia da jarduera batzuetan genero-diferentziak badaudela, baina esango nuke azkeneko urteetan gauzak aldatzen ari direla. Crossfit taldeetan ere emakume asko ari da sartzen eta ikusten ari garena da emakumea erosoago ari dela talde horietan eta horrek pozten gaitu.

 • Bi begirale izango dira gimnasioan. Nola antolatuko zarete? Aurkeztuko dizkiguzue zuen buruak?
Jon: Yuri eta Leire Olazabal dira hemen egongo direnak. Hauek izango dira gimnasioko erreferenteak Mendaron. Yurik hartuko ditu ardurak eta monitore lanak biek egingo dituzte.
Yuri: 30 urte dauzkat nik. Umetatik ibili naiz kirol-munduan. Futbolean hasi nintzen eta 19-20 urterekin gimnasioan sartu nintzen, Deban, Jonek gidatutako talde batean. Barruraino sartu zitzaidan orduan harra eta Jonek monitore lanetan hasteko aukera eman zidan. Garai hartan banketxe batean lan egiten nuen nik, baina lanmundu horretan ez nengoen eroso eta Joni esker, 2016an, pare bat klase gidatu ematen hasi nintzen Debako kiroldegian. Soin Hezkuntzako Euskal Institutuaren (IVEF) Lizentziatura amaitzeko ikasturte bat falta dut orain. Leire Olazabal izango da nire lankidea hemen. Joan zen urtean amaitu zuen IVEF Leirek. Astearte, ostegun eta ostiral goizetan egongo naiz ni gimnasioan, eta gainerako ordu guztietan Leire egongo da hemen.

 • Plangintza pertsonala ere eskainiko duzue. Zein perfiletako jendearentzat?
Jon: Nahi duten guztientzat. Federatuta dagoen jendea prestatzen dugu, eta baita bestelakoak ere, norbere kasa kirola egiten hasi nahi dutenak. Konpetizioan dabilen jende askori gertatzen zaio, ez duela jakitzen fisikoa nola landu. Entrenamenduetan teknika eta taktika lantzen dituzte klubetan, baina ez dakite ahalmen fisikoa nola landu, eta ez dute jakitzen egiten duten entrenamendu hori den egoekiena eurek nahi dutena indartzeko. Gero beste mila faktore daude hor eragin dezaketenak: elikadura, loa, atsedena... baina behintzat profesional baten laguntzarekin jakin zenezake helburu bat lortzeko zer egitea komeni zaizun gehien. Batetik eskaintzen dugu hori, huts-hutsean, eta bestetik, badago aukera entrenamendu plangintza horretan dieta egoki baterako gomendioak ere sartzea. Hori ere egiten dugu.

2020 09 18 goñati udal gimnasioa mendaro v1