Leire Garate: “Aurtengo ospakizuna intimoagoa izan denez, sentsazio guztiak patxadaz dastatu ditut”

Barren.eus 2020ko ira. 16a, 20:05

Arraun denboraldiko bi garaipen estimatuenak, Kontxako Bandera eta Euskotren Liga, eskuratu dituzte Orio Arraunketa Elkarteko emakumeek. 'Plenoa' egin dute bigarren urtez jarraian. Leire Garate arraunlari elgoibartarrak eman digu pandemiaren eraginez ezhoikoa izan den denboraldiaren, eta traineru barruan zein kanpoan izan dituzten bizipen berri.

2020 09 13 Orio AE Donostiako Estropadak banderagaz EMA 04 57 • Donostiarra taldeko traineruak estu hartu zintuzten Kontxako lehen igandean. Bigarren igandean, ordea, hiru segunduko abantailari eusteaz gainera 11 segunduko aldea atera zenieten, eta erakustaldia emanez eskuratu duzue bigarren Kontxako Bandera.
Halako estropada garrantzitsuetan urduritasuna nabarmena den arren, argi genuen denboraldiari amaiera ona eman nahi geniola, Kontxako Bandera bigarren urtez jarraian irabazita. Denboraldi osoan izugarri kosta zaigu nahi genuen arraunkera hartzea. Zarautzeko estropada irabazi ostean, abuztu bukaeran, ailegatu ginen gure sasoi puntu onenera. Kontxako lehen igandean ezin gusturago irten ginen uretatik, egindako lanarekin pozik. Egia da irteeran atzetik joan ginela, baina guregan konfiantza geneukan eta ia hiru segunduko errenta lortu genuen. Bigarren igandean abantailarik edukiko ez bagenu moduan egin genuen arraunean, hutsetik hasiko bagina moduan. Irteera indartsua egin genuen, arraunean gozatuz, baina Donostiarra trainerua ere bizi-bizi irten zen eta segundo bateko aldea eduki zuen lehen bizpahiru minutuetan. Ez ginela urduri jarri izan zen gakoa. Aurten hori ere ikasi dugu, aurreko urteetan gure burua atzetik ikusten genuenean ez baikenuen gure ahalik ematen. Taldearen arraunkeran eta indarrean konfiantza edukitzea da gakoa. Bagenekien irabazteko gai ginela eta egoerari buelta eman genion. Denboraldia gustura, sentsazio onekin, bukatzea lortu dugu.

 • Pandemia dela eta hartutako segurtasun neurrien ondorioz, Bandera jaso eta hutsik topatu zenuten Donostiako arranpla, zalerik gabe. Arraroa izango zen, ezta? Zer sentitu zenuen?
Arranpla hutsik ikustea arraroa izanagatik, martxoan galdetuko baligute arraun denboraldia edo Kontxako Bandera jokatzeko aukerarik ikusten genuen..., zalantza asko genituela aitortu behar da, txapelketetan lehiatzeko demaseko gogoa geneukan arren. Ikusiak ikusita, ez daukagu ezertaz kexatzerik. Denboraldi osoa jokatzeko aukera izan dugu gure kirolean. Hori izan da garaipenik handiena. Iaz eduki nuen zaleen artean ospatzeko aukera eta dagoen onena da, itzela, baina jendeartean azkarrago pasatzen da dena, eta ez daukazu dena barneratzeko astirik ia. Aurtengo ospakizuna intimoagoa, gertukoagoa, izan denez, detaile eta sentsazio guztiak patxadaz dastatu ditut. Adibidez, aurten arranpla ez zegoen hori kolorez jantzia, gure zaleak falta genituelako, baina oso polita izan zen gure aurka borrokan ibilitako taldeak kirol legez gu txalokatzen ikustea. Hunkigarria izan zen.

 • Iaz irabazi zenuen estreinakoz Kontxako Bandera, hortaz, ezagutzen zenuen zer sentitzen den Kontxa irabaztean eta garaipena ospatzean egoera normal batean.
Bai, bi egoerak ezagutu eta bizitzeko aukera izan dut. Erabat desberdinak izan dira bi ospakizunak, baina biak mundialak.

 • Inondik inora iazkoa modukorik, baina zaleek ongi-etorria egin zizueten Orion.
Oriok Kontxa nola bizi duen jakinda zerbait egin beharra zegoen. Zaleei emandako babesa eta animoak eskertzeko herriko zenbait kale gurutzatu genituen Kontxan irabazitako banderarekin. Nahiko jende batu zen kalean eta herriko zubian. Oso oso polita izan zen, hunkigarria. Igande goizean 7:00etan irten ginen klubetik Donostiarantz eta hor ere gu agurtzera eta animoak ematera etorri ziren hainbat zale, aurten Donostiara joan ezin zutela-eta. Bideo mordo bat ere ailegatu zaizkigu, orioarrek etxetik edo tabernetatik estropada nola jarraitu zuten erakusten dutenak. Aurten udaletxeko balkoira igo ezin ginenez, horiei danei eskerrak emateko modua izan zen bandera kalean erakustea.

2020 09 13 orio kontxako bandera ongietorria

 • Gainerako kirol jarduerak bezala, pandemiak baldintzatutako arraun denboraldia izan da aurtengoa. Nolakoa izan da zure bizipena?
Gure denboraldia oso ona izan da. Iaz moduan aurten ere asko gozatu dugu. Pandemiagatik desberdina izan da, noski. Ordu mordoa pasa ditugu etxean entrenatzen, denboraldia hasiko zen jakin gabe, ziurgabetasun handiarekin, azken ordura arte ez baikeguen jakin lehiatuko ginen ala ez, eta ikustea entrenamendu guzti horiek balio izan dutela handia izan da. Izan ere, aurreko urteetan uretan entrenatzen genuena etxean entrenatu behar izan dugu aurten. Uretan gehiago gozatzen da ergometro batean baino, bakarrik eta pantaila bati begira entrenatzeko motibazio handia behar baita. Ni oso baikor egon nintzen konfinamenduan, eta gogor eta gogoakin entrenatzeko esaten nien taldekideei, denboraldia jokatuko zen esperantza baineukan. Klubak laguntza eta baliabiode guztiak eman zizkigun etxean entrenatu ahal izateko. Merezi izan du ahalegin guztiak.

 • Hartu beharreko segurtasun neurriek izan dute eraginik zuen eguneroko jardunean?
Hasieratik ezagutzen genituen babes neurriak. Guztiok bete beharrerko ohiko neurriez gainera, beste taldeetako arraunlariekin ez nahastea komeni zen, dutxarik ere ezin genuen hartu lehien ostean, eta Oriora bueltatzean dutxatzen ginen klubean. Horiek eta gainerako neurrietara moldatu gara eta ez dira arraunean egiteko eragozpena izan. Konfinatuta egon garen denboran pasatakoak eta gero, eta askok izan duten sufrimentuarekin alderatuta, gogoko dugun kirola egiteko zortea izan dugu guk.

 • Eta orain zer?
Hurrengo bi hilabeteetan arraunetik deskonektatu eta atseden hartzeko erabiliko ditugu taldekide guztiok. Kontxako Bandera irabazi eta biharamunean joan nintzen ni oporretara. Urtean zehar egon ezin garen familia eta lagunekin egoteko aprobetxatuko dut denbora hau. Gauza asko albo batera laga behar izaten ditugu denboraldian eta horietaz disfrutau nahi dut orain.

2020 09 13 Orio AE Donostiako Estropadak EMA 05 55

2020 09 13 Orio neskentrainerua20 euskiotren liga

∞Lotura duten albisteak: