Olaizaga kiroldegiko instalazioen erreserba egiteko araudia egin du kirol patronatuak

Barren.eus 2020ko ira. 11a, 09:15

Irailaren 14an irekiko dute Olaizaga kiroldegia, eta langileen eta erabiltzaileen osasuna babesteko asmoz, instalazioak erabiltzeko araudia prestatu du Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak.

"Olaizaga Kiroldegia instalazio estalia da, eta bertan egin litezke jarduera fisikoak banaka, besteak beste, igeriketa, eskalada, muskulazioa, squasha edo pilota, zein taldeka: gidatutako ikastaroak, kirol federatuak, eskola kirola, heziketa fisikoa, e.a., hori dela eta, beharrezkoa da instalazio bakoitzera sarrera eta irteera neurriak, erabiltzeko, egoteko, higiene eta desinfekzio araudiak ezartzea, erabiltzaileen, bazkideen, kirol taldeen eta ikastetxeen segurtasuna bermatzeko", adierazi du Kirol Patronatuko zuzendari Ramón Mugicak. 

 • Erreserba egiteko aplikazioa
Gauzak horrela, igerilekuak, muskulazio gela, rokodromoa, squash eta frontoia erabiltzeko hitzordua hartzea derrigorrezkoa izango da, gehienez bi egun lehenago, telefonoz (943 744 415) edota Olaizagako Harreran bertan. Kirol arduradunek jakitera eman dutenez, gutxi barru erreserba on line (www.elgoibar.eus) ere egiteko aukera egongo da, izan ere Udala aplikazio berri bat lantzen ari da horretarako. Erreserbak Patronatuko bazkide zein bazkide ez diren elgoibartarrek (NAN dokumentua Harreran aurkeztu beharko dute) egin ditzakete. Hitzordua telefonoz edo harreran egitekotan, erabilera ordura arte egin ahal izango dira, eta on line bidez, aukeratutako erabilera ordua baino bi ordu lehenago. Olaizaga Kiroldegian sartzean Harreran egiaztatu beharko da erreserba zuzen egina dagoela, eta langileek adieraziko diote erabiltzaileari erabili beharreko aldagela, instalazioan noiz sartu, e.a. Erabiltzaileak erreserbatutako ordua ez badu erabiltzen eta aurrez gutxienez 2 ordu lehenago baliogabetzen ez badu, hurrengo 15 egunetan ezingo du beste erreserbarik egin.
 • Denbora mugatua
Instalazioak erabiltzeko denbora muga bat egongo da. Igerilekuko, squasheko eta frontoi txikiko erabilerak ordu batekoak izango dira eta muskulazio gelakoa eta rokodromokoa ordu bat eta 15 minutukoa. Beste 15 minutu emango dira aldagela erabiltzeko. Halaber, aldagelak erabili ahal izango dira bakoitzari dagokion aforoa errespetatuz (atean adierazita egongo da). Aforoa, bestalde, horrela mugatu da:

  • Igerileku handia (8 pertsona, kale bakoitzean 2 pertsona.)
  • Igerileku txikia (4 pertsona edo familia bat)
  • Rokodromoa eta muskulazio gela (6 pertsona)
  • Squash eta frontoia (2 pertsona)

Erabilera araudia eta segurtasun neurriak uneoro errespetatu behar direla ohartarazi dute udal arduradunek. Halaber, segurtasun distantzia mantendu beharko da, baita maskara erabili ere, jarduera fisikoa egiten den bitartean izan ezik.

2020 09 11 Olaizaga kiroldegia elgoibar igerilekua
 • Igerilekuak, momentuz, itxita
Kiroldegia itxita egon den bitartean, Patronatuak hainbat berrikuntza eta egokitzapen egin ditu, beste batzuen artean igerilekuko aldageletan. Obrak oraindik amaitzeke daude, eta ondorioz, igerilekua itxita egongo da obrak bukatu artean. Datozen asteetan irekitzea aurreikusten dute arduradunek. Era berean, Udal Kirol Patronatuaren asmoa da irailaren 28an jarduera gidatuen ikastaroei hasiera ematea, igeriketa ikastaroak izan ezik. Horiek ez dira oraingoz hasiko, ezin baita edukiera egokia eta segurtasun distantzia bermatu.

∞Lotura duten albisteak: