Maite Maiorak bigarren egin du Frantziako Kosta Urdinean jokatutako 73 kilometroko ultratrailean

Barren.eus 2020ko ira. 9a, 12:53

Maite Maiora mendi lasterkaria Côte d´Azur Mercantour ultratrailean itzuli da lehiara, eta txapeldunorde izan da.

Euskal Herrian eta Espainian mendi lasterketarik ez dagoenez, Frantziara jo dute hainbat mendi lasterkarik. Maite Maiorak mendaroarrak ere Kosta Urdineko mendietan jokatu zen Côte d´Azur Mercantour ultratrailaren 6. ekitaldia aukeratu zuen lehiara bueltatzeko. Konfinamendu osteko lehen lehia izateaz gainera, 73,9 kilometroko ibilbideari eta 4.900 metroko desnibel positiboari egin behar zioten aurre parte hartzaileek. Probarik gehiena gauez jokatu zen, irailaren 3an 22:00etan izan baitzen irteera. Ibilbidearen luzeera eta gogortasuna ikusita, indarrak gordetzea erabaki zuen Maiorak, baina hala eta guztiz ere luze egin zitzaiola aitortu du. Hamar ordu, bi minutu eta 46 segundo behar izan zituen proba bukatzeko eta ordu luze horietan lagun asko izan zituela gogoan esan du mendi lasterkari mendaroarrak eta pozik da lasterketetako urduritasunak eta sentimenduak berriro bizitzeaz.

Camille Bruyas frantziarra izan zen azkarrena emakumezkoetan (09::24:46) eta Aroa Sio galiziarrak egin zuen hirugarren (10:51:27). Gizonezkoetan Pierrin Sylvain frantziarra izan zen azkarrena (09:16:50) 70 kilometroko distantzian, 130 kilometro, 45 kilometro eta 10 kilometroko distantziako probak ere eduki baitzituzten aukeran mendi lasterkariek.

2020 09 04 maite maiora cote d azur ultratraula fotoiosu 2

2020 09 04 maite maiora cote d azur ultratraula fotoiosu 1