Sanloko senior taldeek asteburuan hasiko dute denboraldia Euskal Kopan

Barren.eus 2020ko ira. 9a, 10:38

Euskal Koparekin hasiko dute denboraldia Sanlo eskubaloi taldeko talde nagusiek. Alcorta Forging Groupek IMH kiroldegian jokatuko du aurreneko partida, domeka eguerdian, eta Gaurve Asesores taldeak Zarautzen jokatuko du, zapatuan. Ikusleekin jokatuko dituzte partidak, baina baimendutako edukieraren %60ak izango du neurketak zuzenean jarraitzeko aukera.

Euskal Eskubaloi Federazioak 2020ko Euskal Kopa bertan behera lagatzea erabaki zuen koronabirusaren pandemiagatik, baina 2021eko Euskal Kopa abian da. Irailean jokatuko dute lehenengo fasea eta finala 2021eko abuztuan. Emakumezkoen txapelketan, Zilarrezko Mailan lehiatuko diren sei talde euskaldunek ligaxka batean hartuko dute parte iraileko aurreneko hiru asteburuetan. A multzoan Gaurve Asesores Elgoibar, Aiala Zarautz eta Lauko Errotabarri Ermua izango dira; B multzoan, aldiz, Kukullaga Etxebarri, San Adrian eta Omega Peripherals Basauri. Sanloko taldeak Aiala Zarautzen aurka jokatuko du aurreneko partida, zapatuan, 19:15ean hasita, Zarautzko Aritzbatalde kiroldegian.

Liga Guerreras Iberdrola Ligan diharduten bi euskal taldeek, Super Amara Bera Bera eta Zubileta Evolution BM Zuazo, finalerdian sartuko dira lehian zuzenean, donostiarrak A multzoko garailearen aurka eta bizkaitarrak B multzoko lehenaren aurka. Bi finalerdiok abenduaren 31era baino lehen jokatu beharko dituzte. Finala, aldiz, 2021eko abuztuaren 21 edo 22an jokatuko da. Euskal Kopako azken finala Elgoibarren jokatu zuten 2019ko martxoan, eta Donostiako Super Amara Bera Bera taldea gailendu zen.
 • Alcortak etxean egingo du debuta
Alcorta Forging Group senior gizonezkoen talde nagusiak etxean jokatuko du denboraldiko aurreneko neurketa. Romo Indupime talde bizkaitarra izango dute aurkari Euskal Kopako aurreneko partidan. IMH kiroldegian izango da norgehiagoka, domekan, 12:00etan. Elgoibartarrek Ereintza Aguaplast, Egia-Teila Fabrika eta Romo Indupime izango dituzte aurkari Euskal Kopako A Multzoan.
Eusko Jaurlaritzak duela egun gutxi jakinarazitakoaren arabera, kirol jarduera leku irekietan baldin bada, baimendutako edukieraren %60ak izango du neurketak zuzenean jarraitzeko aukera, gehienez 1.000 ikusle izan arte; kirol jarduera leku itxian baldin bada, berriz, baimendutako edukieraren %60a betetzeko aukera egongo da, gehienez 600 lagun elkartu arte. IMH kiroldegian batzen diren ikusleek eserita egon beharko dute eta bi pertsona baino gehiago ezingo dira eseri elkarren ondoan.

 • Maskarillak salgai
Sanlok maskara berrerabilgarriak jarriko ditu salgai. Pertsonalizatzeko aukera izango da eta bi tamainatan salduko dituzte, helduentzako eta juniorrentzako. Sei euroan eskuratu ahal izango dira. Saltzeko prest dituztenean jakinaraziko dute non eta nola erosi ahal izango diren.

2020 09 09 Maskarilla Sanlo eskubaloia

∞Lotura duten albisteak: