Olaizaga Kiroldegia irailaren 14an irekiko dute eta ikastaroak hilaren 28an hasiko dira

Barren.eus 2020ko ira. 2a, 11:05

Olaizaga Kiroldegia berriro ireki ahal izateko Covid-19aren Kontingentzia Plana egin du Elgoibarko Udalak. Horren arabera, kiroldegia irailaren 14an irekitzea aurreikusten dute, eta asmoa da irailaren 28an hastea jarduera gidatuen ikastaroak ematen, igeriketa ikastaroak izan ezik, igerilekuen edukiera zein segurtasun distantzia bermatu ezin dituztela-eta.

  Egoera normal batean irailaren 1ean hasiko lirateke ikastaroak Olaizaga kiroldegian, baina aurten nahiago izan dute itxoitea, pandemiak irailean zehar nolako bilakaera izaten duen ikusteko. Zabaltzen dutenerako protokolo higieniko-sanitarioa prestatu du Udal Kirol Patronatuak. "Beharrezko neurriak hartu dira kutsatze komunitariorik gerta ez dadin eta langileen eta instalakuntzen erabiltzaileen osasuna babesteko", azaldu dute protokoloaz.

Azaldu dutenez, Kontingentzia Plan hau egiteko kontuan izan dituzte indarrean dagoen legeria, Gobernu Zentralaren ministro aginduak, eta baita Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako xedapen eta gomendioak ere. "Izan ere, helburuak dira jarduerak gauzatzeko arriskuak identifikatzea eta aztertzea, eta birusari aurre egin ahal izateko, zerbitzuan, instalakuntzetan eta langileen eginkizunetan ahalik eta praktika egokienak ezartzea. COVID-19a dela eta, ematen dugun zerbitzuan gorabeheraren bat edo afekzioren bat bada, Patronatuaren Zuzendaritzak segituan jakinaraziko die osasun agintariei, neurri zuzentzaileak elkarrekin ezartzeko".
Mintxetako instalazioak joan den ekainean ireki izana esperientzia "oso lagungarria" izan dela ere nabarmendu dute. Hala eta guztiz, Olaizaga kiroldegia irailaren 1ean irekitzeko asmoan atzera egin behar izan dute, "uztailaz geroztik jasaten ari garen COVID-19aren bigarren indarraldiagatik". Ondorioz, egokitu egin behar izan dute zerbitzua hartu beharreko neurriei erantzuteko. Zentzu honetan, Udal Patronatuak Olaizaga Kiroldegia irailaren 14an irekitzeko asmoa dauka, betiere ordurako igerilekuetako aldageletan egiten diharduten hobekuntza lanak amaituta baldin badaude. iroldegia itxita egon den bitartean, Patronatuak hainbat berrikuntza eta egokitzapen egin ditu. Garrantzitsuena igerilekuko aldagelena da. Beste modu batera, datorren urtean igerilekuak itxi beharko lirateke, eta aldageletako obra horiek irailaren 14rako amaituta egotea aurreikusten dute.

 • Bi sarbide izango ditu kiroldegiak
Alde batetik, ohiko sarrera nagusia bazkideek, erabiltzaileek eta ikastaroetara datozenek erabiliko dute, eta beste aldetik, kirol taldeek eta ikastetxeek, kantxa erabiltzen dutenek, kiroletako biltegiko atetik sartuko dira instalaziora.
Batean zein bestean, ateak uneoro irekita egongo dira, ukitu beharrik ez izateko.
Pertsonak ibiltzeko norabideak adieraziko dira lurrean, zinta itsasgarriak jarrita edo margotuta (beti norberaren eskuinetik, espazio bakoitzak uzten duten ahalik eta segurtasun tarte handiena utzita).
Informazio kartelak jarriko dituzte bi sarreretan: maskarak erabiltzea derrigorra dela adierazteko, 1,5 metroko segurtasun tartea uzteko, ibiltzeko norabidea adierazteko, e.a.
Igerilekuetara sartzeko edo gainerako instalazioetara sartzeko tornuetan karneta hurbilduta sartzeko sistema besterik ez da izango, eta indargabetua egongo da hatz-marka bidezko sistema, betiere tornuarekin kontakturik ez izateko. Bazkide txartela hurbilduta, ireki egingo da pasaera. Gainera, tornuaren besoari gorputzarekin eragiteko gomendioa emango da, eskuekin ukitzea saihesteko.
 • Igerileku estalietan edukiera mugatua
Igerileku estalien erabilerari dagokionez, ontzi handiaren edukiera zortzi pertsonakoa izango da (bi lagun kale bakoitzeko) eta ontzi txikiarena familia bat edo banaka dauden lau pertsona. Erreserba edo txanda bakoitzeko ordubetez erabili ahal izango da igerilekua. Ontzi handiaren kasuan, lau kale daudenez, kale bakoitzean gehienez ere bi pertsona ibili ahal izango dira igerian. Hala ere, kale bat erabili ahal izango dute familia bereko kideek. Zenbait adin talderentzat, litekeena da ordutegi jakin batzuk ezartzea. Kasu guztietan, ezinbestekoa izango da hitzordua hartzea. Erreserba telefonoz egin beharko da (943 744 415), gehienez ere bezperan.

 • Ikastaro eta jarduera gidatuetako neurriak

Ikastaroetako parte hartzaileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko hainbat neurriak hartu dituzte:

  • Jarduerak egiteko guneak desinfektatu egingo dira, saio eta saio artean, kloro disoluzioa botaz edo beste produktu desinfektatzaileren batekin.
  • Derrigorrezkoa izango da toailak erabiltzea muskulazio aparailuetan eta esteretan. Ahal den neurrian, nork bere estera erabil beharko du.
  • Erabiltzaileei beren ur botilak eramateko eskatuko diete.
  • Beti eskularruak erabili beharko dira eskuez baliatzea eskatzen duten jardueretan.
  • Gidariek adieraziko dute pertsona bakoitzak hartu behar duen tokia; hala, parte hartzaileen arteko 2 metroko tartea gordeko dela bermatzeko.
  • Komunak irekitzeko gidariari eskatu beharko zaio. Gehienez ere pertsona bakarra egongo da komunetan aldi bakoitzeko, salbu eta laguntza behar duten erabiltzaileak baldin badira.
  • Aldageletan, haietako bakoitzarentzat ezarritako gehienezko aforoa errespetatu beharko da.

 

2020 09 02 OlaizagakiroldegiaHarrera