Etxaniz memoriala txirrindulari lasterketa, bertan behera

Barren.eus 2020ko uzt. 21a, 12:53

Gure Bide elkarteak antolatzen duen Etxaniz memoriala txirrindulari lasterketaren 74. ekitaldia bertan behera gelditu da Covid19 gaixotasunaren izurriagatik.

San Bartolome Bezpera Egunean, abuztuaren 23an, jokatzen da urtero 23 urtez azpiko txirrindulari afizionatu onenak batzen dituen Etxanizen oroimenezko txirrindulari lasterketa. Gure Bide elkarteak antolatzen du historia handiko lasterketa, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, eta aurten ez dela proba jokatuko jakinarazi dute. COVID-19ak eragindako pandemiak sortutako osasun-krisiak bertan behera utzi ditu hamaika kirol ekitaldi eta txapelketa, eta horietara batu da orain Etxaniz Memoriala ere. COVID-19aren hedapena eragozteko helburuarekin, osasun arloko agintariek egindako gomendioak kontuan hartuta, eta segurtasun eta distantzia arloan beharrezko neurriak %100ean bermatu ahal izateko zailtasunak ikusita, erabakirik zentzuzkoena eta arduratsuena lasterketa ez ospatzea dela uste dute antolatzaileek. "Beste ezeren gainetik, txirrindulari guztien osasuna dago", adierazi dute. Hala ere, Etxaniz Memoriala 2021eko abuztuan inoiz baino indar handiagoz itzuliko dela gaineratu dute.

Iaz, Francisco Galvan Fernandez (Lliça d'Amunt, Barcelona, 1997) txirrindularia gailendu zen lasterketa prestigiotsuan.

2020 07 21 etxaniz memoriala 2019 elgoibar