Jabi Muñoz gailendu zen 17 lagun eta ordenagailuaren kontrako aldi bereko xake partidetan

Barren.eus 2020ko uzt. 20a, 12:37

Erronka handia zuen Jabi Muñoz xakelariak, bi ordu eta erdian 17 lagunen aurka jokatu behar zuen, aldi berean, eta baita ordenagailu programa baten aurka ere. Denei irabazi zien. Hori barikuan, eta zapatuan jokatu zuten xake azkar txapelketan ere Muñoz izan zen onena.

Mendaroko Otarre xake taldeak bi jarduera antolatu zituen joan den asteburuan Mendaron. Batetik, joan den barikuan, aldi bereko partiden erakustaldia egin zuten Herriko Enparantzan. Otarreko kidea den Jabi Muñoz 17 xakelariren aurka lehiatu zen, eta baita ordenagailu programa baten aurka ere. Muñozek 18-0 irabazi zien. Gainera, jarri zuten denbora mugaren barruan, bi ordu eta erdi, lortu zuen partida guztiak amaitzea, zenbait jokalarik gauzak "oso zail" jarri zizkiotela aitortu zuen arren. Antolatzaileek zehaztu dute era honetako ekitaldietarako ezarritako segurtasun-neurriak kontutan hartuta aritu zirela, eta parte-hartzaile guztiek modu eredugarrian jarraitu zituztela neurriok nabarmendu dute.
 • Xake azkar txapelketan ere Muñoz nagusi
Bestetik, zapatu goizean, Mendaroko II. Xake azkarreko txapelketa jokatu zuten, Herriko Enparantzan bertan. Partida bakoitzak 5 minutu eta hiru segundoko iraupena izan zuen eta bederatzi xakelari lehiatu ziren. Aurreko egunean moduan, Jabi Muñoz gailendu zen, 9 puntu eskuratuta. Mikel Fidalgo sailkatu zen bigarren postuan, 8 punturekin eta Eñeko Egañak egin zuen hirugarren, 7 punturekin.
Erakustaldi hauek antolatuz, xake taldeak erakutsi nahi izan du posible dela jendeak parte har dezakeen gauzak antolatzea, Covid-19 gaixotasuna oraindik gure artean badago ere, eta aldarrikatu dute herritarrentzako kultur eta kirol jarduerak behar ditugula.
Eskerrak ere eman dizkiote Mendaroko Udalari eta Uztargi tabernari, antolatzeko emandako laguntzagatik.

 

2020 07 20 mendaro xakea aldiberean otarre jabi muñoz barren 1