June Loidik beste denboraldi baterako berritu du kontratua Zuazo eskubaloi taldearekin

Barren.eus 2020ko uzt. 10a, 12:04

Hurrengo denboraldian ere Barakaldoko Zuazo taldean jokatuko du June Loidi jokalari elgoibartarrak, emakumeen eskubaloiko goreneko mailan.

C.B Zuazorekin akordioa sinatu zuen Sanlo kirol taldeak 2018ko udan eta harrezgero lagata jokatu du June Loidik Zuazo taldean. Kontratua denboraldi batez luzatzea erabaki dute orain eta 2020-2021 denboraldian ere Barakaldoko taldean jokatuko du Loidik. Taldeak kontratu berritzearen berri eman ostean, inoiz baino gogo gehiagorekin dagoela adierazi du hegaleko jokalari elgoibartarrak, "Zuazorekin batera hazten, hobetzen eta helburuak elkarrekin betetzeko inoiz baino gogo gehiagorekin", dagoela esan du. 

Zubileta Evolution Zuazo taldea denboraldi berrirako prestatzen ari da eta fitxaketen berri eman aurretik, taldearen bizkarhezurra osatuko duten jokalariei kontratuak luzatu dizkiete, eta horien artean Loidi.
Aurten formato berria edukiko du Liga Guerreras Iberdrola txapelketak. Hamasehi talde lehiatuko dira, bi multzotan banatuta. Denboraldiak bi zati izango ditu eta bigarren fasera sailkatzea lortzen dutenek multzoko kideen aurka lortutako puntuekin jarraituko dute fase erabakigarrian. Lau taldek galduko dute maila. Guerreras Iberdrola liga irailaren 12an hasiko da.