Jon Basurto: "Ekonomikoki sendo dago C.D. Elgoibar; inbertsioak egiteko unea da orain"

Barren.eus 2020ko uzt. 2a, 08:12

Club Deportivo Elgoibar futbol taldeak 2019-2020 denboraldiko kontuak onartu zituen, joan den ekainaren 26an, Olaizaga kiroldegian egin zuten batzar orokorrean. Covid19ak eragina izan zuen batzarra egiteko moduan, hartu behar izan zituzten neurriengatik, eta kirol-taldeko diru kontuetan ere igarri dute pandemiaren eragina.

Testuingurua aldekoena izan ez arren, kirol taldeak 11.177,67 euroko emaitza ekonomiko positiboa (Gastuak: 171.837 euro/ Sarrerak: 183.015 euro) lortu duela nabarmendu zuten zuzendaritza taldeko kideek bazkideen aurrean. Hain zuzen, Jon Basurtok gidatzen duen zuzendaritzak aurten azken urtea izango zela aurreratu zuen, baina egoerak behartuta -eta erreleboa emateko talderik aurkeztu ez denez-, beste urtebetez jarraitzea erabaki dute. Azken lau urteetan egindako lanaren errepasoa eta balorazioa egin dute. "Kluba kudeatzeko erronka onartu genuenetik, duela lau urte, bakarra izan da gure helburu ekonomikoa: epe luzera jasangarria den egitura sendotzea, autofinantzazioa oinarri duena eta diru sarrerak irteerak baino handiagoak dituena. Eta bete ditugu gure helburuak, azken lau urteetan 50.580 euroan hasi baitira taldearen ondare irabaziak", zehaztu du klubeko ekonomia arduradun Iñigo Palominok. "Klubaren kudeaketa gure gain hartu genuenean, 38.397,73 euro zeuden bankuko kontu korronteetan. Gaur 100.186,49 euro daude. Etorkizunari aurre egiteko ekonomikoki sendo dago kluba".

C.D. Elgoibarren azken lau denboraldietako irabazien bilakaera:

  • 2016-2017 14.892,99 euro
  • 2017-2018 13.255,73 euro
  • 2018-2019 11.253,79 euro
  • 2019-2020 11.177,67 euro

 • Entrenatzaileak eta kirol materiala
Lortutako emaitza ekonomiko "positiboak" ezin direla zenbaki hutsetan gelditu diote taldeko arduradunek eta inbertsioak egingo dituzte, bereziki entrenatzaile/formatzaileen azpiegitura sendotzen, gabezia baitaukagu guretzako oinarrizkoa den alor horretan; eta, baita kirol materiala berritzen ere. "Dirua azken finean pertsonen ongizatea hobetzera bideratu behar da, eta hortan gabiltza", esan du Palominok. Urteko gastuei dagokionez, soldatetara bideratu dute %30a (51.790 euro) eta kirol materialera %22a (38.149 euro). "Ahalegin berezia egin dugu aurten kirol materiala berritzen, txandal berriak talde guztientzat, entrenatzaileentzako arropak, e.a.". Diru sarreretan Realarekin duten hitzarmenetik dator diru kopuru handiena, 44.400 euro: sarrera guztien %24a. Bazkideen kuotak dira bigarren diru iturri nagusia, 30.000 euro (%21). 600 bazkidetik gora ditu CD Elgoibarrek eta horien leialtasuna eskertu dute zuzendaritza taldekoek. Era berean, egoera ekonomiko zail honetan herriko enpresa eta komertzioek klubarekiko erakutsi duten konpromisoari aitortza egin diote, egin duten ahaleginagatik. Koronabirusak eragindako etenaren ostean, kuotetan %25eko deskontua egin zuten eta datorren urterako kuotak ez dituztela igoko aurreratu dute, eta deskontuak ere (familia ugariak, e.a) bere horretan mantenduko dituzte.

 • Kirol balorazioa
Denboraldiak eman duenaren kirol balantzea ere egin du C.D. Elgoibarrek. Senior mailako emakumeen taldea sortu izana da azpimarragarriena ezhoiko denboraldi honetan, "gure helburu garrantzitsuenetariko bat bete dugulako emakumeen taldea berriro martxan jarrita". Haundin gero eta elgoibartar gehiagok jokatzen dutela ere nabarmendu dute, zuzendaritza honen oinarrizko helburuetako bat baita. Mintxetara gerturatzen den zale kopuruarekin ere gustura daude, eta emakumeen talderen partidak ikustera ikusle asko joan direla esan dute. C.D. Elgoibarrek 14 talde ditu gaur egun, duela lau urte baino lau talde gehiago eta 380 bat futbol jokalari ari dira horietan.

2020 06 26 cd elgoibar batzarra olaizagan covid19 at

2020 06 26 cd elgoibar batzarra olaizagan covid19 mahaia

2020 06 26 cd elgoibar batzarra olaizagan covid19

2020 06 26 cd elgoibar batzarra olaizagan covid19 zuzendaritza